“Aiaraldean 10.000 langile egon ahal izan dira kontaktuan amiantoarekin, gaia oso kezkagarria da”

Txabi Alvarado Bañares 2019ko urt. 28a, 07:00
Ezkerretik eskumara, Roberto Eizmendi, Juanjo Basterra eta Juan Antonio Tuesta. / Argazkiak: Aiaraldea.eus eta Juanjo Basterra

JUANJO BASTERRA RESPALDIZA (Areta, 1963), ROBERTO EIZMENDI LEKANDA (Laudio, 1954) eta JOSE ANTONIO TUESTA (Viana, 1940) Amiantoaren Biktimen Euskal Elkartearen -ASVIAMIE- Aiaraldeko taldeko kideak dira. Azaroan hasi ziren biltzen eta bi bilera jendetsu egin dituzte dagoeneko.

Bi batzar egin dituzue orain arte. Zer moduz joan dira?

Roberto Eizmendi: Parte hartze handia egon da bi bileretan, espero genuena baino gehiago. Jendeak informatu nahi du. Guk esan dieguna da osasunaren behaketarako planean izena ematea dela lehen pausoa. Langilearen lan-bizitzaren txosten bat aurkeztu behar da horretarako, egon den enpresa bakoitzean zer egin duen zehazten duena.

Dokumentazio hori Osalanen tramitatu behar da, behargina osasunaren plan horretan sar dadin. Modu horretan medikuek jarraipena egingo diote, eginiko lanek osasunean eraginik duten edo ez ikusteko. Aukera dago baita ohiko medikura joan eta amiantoarekin lan egin duzula esateko. Medikuak gaiarekiko sentikortasuna badu planean sartuko zaitu horrela. Amiantoarekin lan egiten duela frogatzen duen ziurtagiri bat da.

Badago jarraipen horiek egiten dituen jendea, beste batzuk noizbehinka baino ez dute egiten eta beste batzuk ez dute planaren gaineko informaziorik ere. Pertsona bakoitzak bere historia propioa du.

Kontuan izan behar dugu Laudio inguruko enpresetatik 10.000 langile inguru igaro direla. 10.000 behargin amiantoarekin kontaktuan egon ahal izan direnak. Horregatik uste dugu Aiaraldeko biztanleriaren zati oso handi bat egon dela material horrekin harremanetan, eta beharrezkoa da hori kontrolatua izatea.


“Uste dugu badagoela gaiarekiko interes asko, herritarrak ikusten ari direlako inguruko jende asko hiltzen ari dela”


Juanjo Basterra: Lehen bileran 30 pertsona inguru egon ziren, eta bigarrenean 34. Badirudi gaiarekiko interesa, behintzat, ez dela jaitsi. Nik uste dut badagoela jakin-min asko, herritarrak ikusten ari direlako inguruko jende asko hiltzen ari dela. ASVIAMIE elkarteak amiantoaren ondorioz hildako 35 pertsona kontabilizatu dituen iaz Hego Euskal Herrian, aurreko urtean baino ia %75 gehiago.

Baina datu ofizialen arabera 2018. urtean 348 hildako egon ziren, urte hasieratik abenduaren erdialdera arte zenbatuta. Egoeraren larritasuna argia da lan-istripuengatik hildakoen kopuruarekin alderatzen badugu: 68 pertsona izan ziren iaz. Abenduan emakume bat hil zen, bere senarraren laneko jantziak garbitzen zituelako. Aiaraldean 10.000 langile amiantoarekin harremanetan egon direla esaten dugunean kopuru horri batu behar zaio langileen inguruko pertsonak ere.

Zer kasurekin topatu zarete bileretan?

R.E: Badaude batzuk plaka pleuralak dituztenak. Beste batzuek ez dute ezer esaten.

J.B: Badago bat mesotelioma garatu duena -amiantoak eragiten duen minbizia-, heriotza zigorrera kondenatua dago jada. Mesotelioma duen jende gehienak bi urte irauten du bizirik, batazbeste.

Zer jarduera garatu nahi duzue hemendik aurrera?

R.E: Hilabeteko bigarren ostegunetan egingo ditugu bilerak, 18:00etatik 20:00etara udaleko erabilera anitzeko aretoan. Otsailekoa, aldiz, 15ean egingo dugu, ordu eta toki berean.

J.B: Gure asmoa izango da bertaratzen den jendea laguntzea eta, bestela, laguntza eskaini dezaketen abokatuetara bideratzea. Telefono zenbaki batzuk emango ditugu hurrengo bileran, jendeak informazioa eta laguntza eskura izan dezan. Bola apurka-apurka hazten joatea izango da xedea.

R.E: Argi ikusi da arazoa existitzen dela. Bileretara 34 pertsona agertzen badira horrek esan nahi du beste jende asko dagoela gaiarekiko kezka duena. Baina badago jende asko arazoa ezkutuan eramaten duena. Paperak banatu ditugunean jende askok eskatu dizkigu kopia gehiago, lankide ohiei emateko.



“Gure asmoa izango da bertaratzen den jendea laguntzea eta, bestela, laguntza eskaini dezaketen abokatuetara bideratzea”



J.B: Gaia oso kezkagarria da, amiantoaren ondorioak 10, 40 edo 50 urtera agertu ahal direlako.
EAEn 9.000 pertsona inguru daude osasunerako behaketa planean izena emanda, eta Nafarroan 3.000, 12.000 guztira.

Langile gehienak jubilatu egiten dira eta teorikoki erretiroaz gozatzeko urte onenetan daudenean agertu zaie gaixotasuna eta bizitza izorratu die. JEZeko jendea ere egon da bileretan.

JEZeko zuzendaritzak adierazi zuen bertako langileak ez zirela amiantoarekin kontaktuan egon. Zuek hori gezurra zela erantzun zenuten.

R.E: Duela zortzi urte amiantoa kendu izanak ez du esan nahi lehenago ez zegoenik.

J.B: Eurek diote hodietan amiantoa zegoela eta kendu zutela. Baina arriskutsuena ez zen hoditeria, labeetan baliatzen den amiantoa baizik. Fabrikek ezin dute argudiatu orain jada ez dutela amiantoa erabiltzen. Noski ez dutela erabiltzen, orain erabiltzea debekatua dagoelako.



Zer esango zeniokete amiantoarekin lan egin duen pertsona bati?

R.E: Bileretara etorri dadila. Bertan ikusiko du ez dagoela bakarrik, bere kezka edo arazo berdinak dituen jende asko dagoela.

J.B: Gu laguntzeko egongo gara hemen, beste ezertarako ez. Hala ere, ez dugu protesta ekintzaren bat edo beste egitea baztertzen, Osakidetzan, adibidez.

ASVIAMIE sortu zuten gehienak Aiaraldekoak ziren. Egoitza bat zuten Kultura Etxean, baina apurka-apurka bertan behera geratu zen egitasmoa. Gu Laudion hasi gara taldea garatzen, baina Aiaraldea osora zabaldu nahiko genuke. Ez dugu baztertzen Amurrion edo beste herriren batean ere bilerak egitea, baina hasi baino ez gara egin. Ez gara 10.000 langileengana iritsiko, baina zirkulua ahalik eta handiena egin nahi dugu. Horregatik, jendea animatu nahi dugu pausoa ematera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide