aiaraldea.eus

[IRITZIA] Ardiak babesik gabe

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Angel Santa Kruz   Iritzia  Aiaraldea
[IRITZIA] Ardiak babesik gabe
Artzaina da Jesus Angel Santa Kruz. | Ikusi handiago | Argazki originala

Zein ederra den Gorbeia ingurura joan eta bertako paisaiaz gozatzea. Mendeetan bertan ardien presentzia izan da edertasun horren arrazoietako bat. Gure ardi latxa ondo moldatzen da gure mendietako aldapetara baita bertako klimara ere, ama ezin hobea da eta kalitate handiko esnea sortzen du,  baina oso ahula da txakurren erasoen aurrean. Gero eta gehiagora doaz eraso horiek, zoritxarrez (azkeneko hilabetean  hiru izan dira Orozkon).

“Galera ekonomikoa  bere bai, baie txarrena izin zarela inoz trankilo bizi” . Artzainak etsita daude. “Ernari haundi dagoz ganera… ze umekera egingo daurie”. Ondo dakite, hildako eta zaurituetatik harago, haurdun dauden ardiak abortu dezente izango dituztela.

Txakurzaleak ugarituz doaz eta txakurrak aske uztea gustuko dute, hor dator arazoa: txakurraren gozamena ardiaren heriotz bihurtzen ari da sarritan. Lehen mailako eta bigarren mailako animalien zerrenda egin behar al dugu? Zergatik  ezin dugu espazio bera konpartitu inor kaltetu gabe? Behin hona iritsita, ardiak gure inguruan nahi ditugun galdetu beharko genioke geure buruari. Hala bada, neurriak jarri beharko dira. Aldundi eta udalen aldetik  partekatutako espazioetan txakurrak aske ibiltzea debekatzen duen araudia egon badago baina ez da betearazten. Ez dago argi nork, non eta noiz betearazi behar duen. Gainontzeko herritarrok ere konponbidearen parte izan ahal gara, norberarengandik hasita ingurukoak sensibilizatuta. Gizarte osoak daukagu erantzukizuna, ardi latxak geure inguruan jarraitu dezan gerora ere. Aurrera pausua  litzake honako albisteei buruz gehiago idatzi behar ez izatea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa