Pandemia Raid Team taldeko kideek Marokoko basamortura joko dute Desert Trophyan aritzeko

Aitor Aspuru Saez 2019ko ots. 12a, 07:02

Pandemia Raid Team taldeko partaideak. / Aiaraldea.eus

Pandemia Raid Taldeko kideek Desert Trophy elkartasun rallyan parte hartuko dute. Horrez gain, iazko irabazlea, Enrique Ganzabal aiaraldearra ere, lehiatuko da proban.

Otsailaren 16an, hau da, larunbatean, hasiko da Marokon Desert Trophy Panda lasterketa. Elkartasun proba horrek 6 eta 12 urte bitarteko umeak laguntzera bideratzen ditu lortzen diren bitarteko ekonomikoak, eskolara joan daitezen. Zehazki, Fundación Alberto Contador eta Bicis por la Vida erakundeek bizikletak ematen dizkiete haurrei, klasera joateko, distantzia luzeak bete behar baitituzte horretarako.

Erronka horretan arituko dira eskualdeko hainbat lagun, Amurriokoak, Laudiokoak, Aiarakoak... Alde batetik, Enrique Ganzabal, iazko irabazlea, eta bere semea han egongo dira. Bestetik, Pandemia Raid Team taldeko kideak: Kilian Ruiz, Javier Gil, Pablo Basabe, Miguel Llorente, Tomás Elejalde, Ariane Elejalde, Edu Rodriguez, Txema Odriozola, Iker Arenaza eta Ivan Gil. Zehazki, ostegunean abiatuko dira.

Pandemiako gidariek nabarmendu nahi izan dute Tomás Elejaldek eta bere alabak, Ariane Elejaldek, batera zeharkatuko dutela Marokoko basamortua.

Desert Trophy
Duela bi urte Panda Raid lasterketan izena eman zuten Pandemiako kideek, eta aurreko edizio batean ere lehiatu ziren batzuk. Aurten, aldiz, Desert Trophyren aldeko hautua egin dute.

Pablo Basabek azaldu du: "Panda Raid proba perbertitu da. Rally Klasiko baten moduan hasi zen eta ospe handia lortu du. Horren ondorioz, masifikatu da eta hasierako izaera galdu du: auto klasikoak, aldaketa gutxirekin, familiarra, parte-hartzaile mugatuekin izateko asmoa... Lehen edizioan 115 ginen eta aurten 380. Ondo antolatzen dute, baina niretzat jauzia handiegia izan da eta ez dut gogoko".

Elur, euri eta hotz gehiago
Panda Raidarekin alderatuta, Desert Trophya gogorragoa da. Hilabete bat lehenago antolatzen dute eta, hori dela medio, hotz handiagoa eta elur eta euri gehiago izango dute parte hartzaileek.

Edonola ere, erraztasunak ere egongo dira, hotelean lo egingo baitute egunero. Pablo Basabek argitu du horren garrantzia: "Etapa bakoitza bukatu eta gero motorrak berrikusi behar ditugu eta berandu bukatuta, ohera joan. Aurten kanpin-dendan lo egitea eta egunero jasotzea saihestuko dugu".

Horrez gain, aurten euren 4x4 ezaugarriko 3 auto izango dituzte eta horrek erraztasunak emango dizkie.

Abiadura kontrolatua
Desert Trophy lasterketa ez da abiadurako proba. Izan ere, mugak ezartzen dituzte antolatzaileek tokiko herritarrak errespetatzeko, segurtasuna bermatzeko eta gune ekologikoak babesteko. Adibidez, herrixketatik 20 kilometro orduko abiadura ezin da gainditu, 40 kilometrokoa herri txikietan eta 80 kilometrokoa bidexkatan.

Hori ziurtatzeko, autoek trackerrak eraman beharko dituzte, antolakuntzak jarraipena egin diezaien. Gakoa, hortaz, orientazioa izango da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide