Gerra zibilaren azpiegiturak: Laudioko aerodromoa, Areta eta Amurrioko ospitaleak...

Saratxo Aldama Guaresti kolektiboa 2019ko ots. 15a, 08:00

Aerodromoa eraikitzeko lanak erakusten dituen argazkia.

Gerra Zibilak hainbat azpiegitura ekarri zituen eskualdera, bereziki, ospitaleak. Besteak beste, inoiz erabili ez zen aerodromoa eraiki zuten Laudion.

Gerra Zibilak aztarna ugari utzi zituen Aiaraldean, bai gizartearen oroimenean zein geografian bertan. Andoni Larrea historialariak horietako askoren berri eman zuen Aztarna aldizkariko 44. zenbakian, eta Saratxo Aldama Guaresti kolektiboak informazio gehiago azaleratu du.

Berez, Burdin Hesia ez ezik, soldaduen kuartelak ere egon ziren: Aretako Eskolan eta Lamuzan, hain zuzen. Horrez gain, Aretako odol ospitalea eta abangoardiakoak ere aipatu behar dira; Baranbion, Orozkon, Amurrion eta Urduñan eraikiak.

Horiek guztiak frontera lotutako azpiegitura medikuak izan ziren. Bukatzeko, lubakiak eta gotorlekuak kenduta, Laudioko aerodromoa zegoen. Geroago, erregimen frankistak kontzentrazio eremua sortu zuen Urduñan.

Ospitaleak
Eskualdean abangoardiako lau ospitale zeuden. Horien lana zen frontean zauritzen zituzten borrokalariak artatzea:

  • Baranbiokoa Tomas Rementeriaren etxean jarri zuten eta fronteko anbulantzien, erizainen eta andazainen basea izan zen.
  • Urduñakoa udal ospitalean bertan kokatu zuten, eta zaurituak artatzeko bi gela zituen.
  • Amurriokoa AEK dagoen tokian jarri zuten, eta fronteko borroketatik oso hurbil zegoenez, ondo hornituta zegoen. Izan ere, hasieran abangoardiako azpiegitura izan behar zena bilakatu zen ospitalerik garrantzitsuena, San Pedron gertatutako borroka odoltsuen ondorioz. 20 langile izan zituen eta anbulatorioak ere laguntza eman zion.

  • Ramon Olabarriak bere etxea utzi zuen Orozkoko ospitalea bertan instalatzeko, botika militarra zuena, besteak beste.


Aretako odol ospitalea
Gaur egun Onieva enpresak egoitza duen espazioan zegoen fronteko ospitalerik handiena. Berez, Gorbeian zein Gorobelen eta San Pedron zauritutako boluntarioak artatzeko prestatu zuten, eta zenbait gudari hil ziren bertan, baita Aretako bonbardaketak pairatu zituzten zibilak ere. 15 langile izan zituen.

Laudioko aerodromoa
1936ko bukaeran ekin zioten aerodromoa eraikitzeari, eta 1937ko urtarrilean edo otsailean bukatu zuten. 700 metroko luzera zuen eta 150 metroko zabalera. Gutxi gorabehera, egun Gurutze Gorria dagoen tokitik Gardearaino heltzen zen.

Hangarrak ere egin zituzten eta, nahiz eta Espainiako Gobernu Errepublikarrak aerodromoa onartu zuen, inoiz ez zen erabili.

Gobernuak Iparraldeko Frontera bidalitako hegazkin bat ere ez zen heldu helmugara, bota egin baitzituzten kasu batzuetan. Besteetan, Frantziako Gobernuak ez zien baimenik eman hegan egiteko, istripuak izan zituzten edo faxistek eskuratu zituzten. Hemen azaldu zuen Manuel de Irujo Ministroak gertatutako guztia:

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak zenbait aparatu erosi zituen Estonian, baina heldu zirenerako faxisten esku zegoen bere lurraldea eta Xixonera (Asturias) bideratu behar izan zituzten.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide