Hautsak harrotu ditu Eusko Jaurlaritzak indarrean jarri nahi duen ikuskizun publikoetarako araudi berriak. Lizentziarik gabeko tabernek eskaini dezaketen ekintza kultural kopurua mugatuko du dekretu horrek. Mota horretako establezimenduek ekitaldi bakarra antolatu ahalko dute hilabeteko. Horri erantzuna emateko Arteak Ireki plataforma aurkeztu zuten iragan asteko ostegunean Gasteizen
Bertan egon ziren Amurrioko Burubio kultur elkarteko kideak. “Lehen kontzertuak egiteko aukera gutxi bazeuden, dekretu honekin are eta gehiago mugatzen dira”, azaldu du Egoitz Palaciosek. Burubioko kideak nabarmendu du araudiak ez diela musika emanaldiei soilik eragingo. “Musikatik harago doa. Taberna batek ezingo lituzke urtean 12 bakarrizketa baino gehiago antolatu, adibidez, artearen esparru guztietara zabaldua baitago dekretua”.
Hori dela eta, erabakia “oso okerra” dela uste du Palaciosek, artistek izan ditzaketen aukerak izugarri murrizten dituelako. “Eskaintza kulturaa bizirik mantentzeko gogoak kendu ditzake”.
Antzeko iritzia du Javier Ibañezek. Zarata ezin da aitzakia izan, Liborio kolektiboko partaidearen iritziz. “Hori erregulatzeko badaude araudi eta ordutegiak. Soluzioak bilatu daitezke dekretu eta debekuetara jo gabe”. Lege hori ezartzeak musikariei, ostalariei eta entzuleei kalte egingo liekeela pentsatzen du artista urduñarrak.
“Musikari anonimoekiko mespretxua” dago ezarri nahi den debekuaren atzean, Ibañezen aburuz. “Beste behin ere, politikariek erakutsi dute ez dutela kaleko errealitate soziala bizi, eta mozkinak sortu eta estadioak betetzen dituzten ekitaldiak soilik interesatzen zaizkiela”.
Palaciosen esanetan, aldiz, araudiak “kultura eredu zehatz” bati erantzuten dio. “Oso modan daude orain jaialdi handiak, eta oso erakargarriak izan daitezke, eta beharrezkoak ere. Baina ezin dira ezinbestekoak izan eguneroko kultura etengabe apurtzen badute”.
Tabernak, kulturaren birikak
Tabernetako kontzertuen antolakuntza gertutik ezagutzen du Xabi Basterra laudioarrak. Hainbat urtez aritu da Keska taberna kudeatzen, eta musikari gisa igaro da ere hainbat oholtzatik. “Nik argi dut kontzertuak eskaintzen dituzten tabernek ez dutela dirua irabazteko egiten, bizitza kulturala sustatu eta tabernaren inguruan komunitatea eratzeko baizik". Modu horretan “bezero eta zerbitzarien arteko logika” apurtu egiten da, musikari laudioarraren iritziz.
Antzeko irudipena du Ibañezek. “Nik uste dut edozein jarduera kultural publikoarekin konpartitzen denean dagoela bizirik, eta horretarako tabernak beti izan dira toki egokia”, nabarmendu du. Urduñako kasua jarri du adibide moduan. “Musika jarduera indartsua garatu da hirian duela zenbait hamarkadatik hona”. Urtero egiten den Musika Astea da horren adibide. Gauzak hala, Liborio kolektiboko kideak argi du tabernetan musika debekatzea “desastre kulturala” izango litzatekeela hiriarentzat.
Eskualdeko zenbait artistek sarean plazaratu zuten euren salaketa, Igor Arzuaga aretarrak eta Luis Vil amurrioarrak kasu:
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!