Tubacex enpresa arabarrak eta Senaat Abu Dabiko emirerriko holdingak akordioa sinatu dute 50,5 milioi euroren truke Nobu taldea erosteko.
Nobuk altzairuzko osagai mekanizatu eta herdoilgaitzak ekoizten ditu bezero garrantzitsuentzat, Baker Hughes, Schlumberger, Emerson eta Halliburton, besteak beste. Halaber, Tubacexek eskuratutako enpresa Saudi Arabian, Dubain eta Norvegian ditu azpiegiturak eta 200 langile.
Enpresa arabarrak azaldutakoaren arabera, Nobuk aurreikusi du 34 milioi euroko salmentak izatea aurten.
Tubacex eta Senaat taldeek euren indarrak batu dituzte helburu estrategikoa lortzeko: Ekialde Hurbileko premium produktuen ekoizle nagusiena izatea. Hau da, altzairuzko hodiak saltzea gas eta petrolio produktore handienei. Bezeroetatik gertuago egongo den enpresa bereganatu dute horretarako.