[IRITZIA] Sistema eustetik haustera

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko mar. 9a, 16:38

Atzoko Urduñako mobilizazioaren irudi bat. / Aiaraldeko Mugimendu feminista

Bizitza erdigunean jartzeko indar, irudi eta arrazoi mordoa ikusi genituen atzo... Eta zuk?

Emakumeok* planto egin genien atzo gure eguneroko lanei, zaintza ardurei eta kontsumoari. Heteropatriarkatu kapitalista eustetik haustera igarotzeko lehen pauso kolektiboa izan zen greba feminista, bizitzak erdigunean jartzekoa. Mugikorrean, memorian eta historian geratu dira grabatuta atzoko irudiak eta pilatutako indarra: 364 egunetarako babes eta aldarri mugagabea.

Barrenean iltzatu zaizkit 24 orduko grebako zenbait momentu: Artziniegako Nagore garraiolariak Urduñako mobilizazioari kamioiarekin irekitako bidea, Urduñarrek historia irakurtzeko emakumeen lorpenez plazan osatutako erakusketa, Aiarako elkarteetako andreek eskuz esku josi eta osatutako sareak, arratsaldez munduko emakumeekin antolatutako dantza saioak, objektutzat gaituen kontsumo eredua salatzeko Eroskin egindako ekimenak, familia zein etxearen zaintzari uko eginda kalean elkartutako amama, ama eta biloben besarkada eta oihuak... Orozkoko zebrabideek argi diote: “emakume batek pausoa ematen duenero guztiok egiten dugu aurrera”.

Halaber, ez ditut ahaztuko kalean bizitako une hauek: 8 urteko neskatilek lapikoak astintzen sistema heteropatriarkatu kapitalistari emandako zartadak, eguerdian euren murala sortu eta manifestazioko lehen lerroan joateko euren eskaera eta erabakia, bazkarira gurpildun aulkian jaitsi eta “eskerrik asko amama” esan zion ume grebalariaren aitortza, neska gazteek Euskal Herrian eraildako emakumeei su gorritan eskainitako omenaldia... Ez dira alperrik izan lehengo -eta oraingo- sorginen erratzak.

Mugimendu Feministaren eskutik, gogoetarako eta historiarako lekuko asko utzi ditu 2019ko martxoaren 8ak, inoiz baino saretu eta indartsuago gainera. Greba feminista bukatu da. Hau hasi baino ez da egin. Lekuko baino, ardurak banatu eta bidelagun izateko garaia da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide