Bihar hasiko da Emakumeen Arabako I. Bira Artziniegan, 17:00etan. Larunbatean izango da bigarren etapa, Okondon; eta igandean hirugarrena eta azkena, Amurrion.
Arabako Txirrindularitza Federazioak antolatu du lasterketa Aiara, Artziniega eta Amurrioko txirrindularitza elkarteekin batera eta Okondo, Artziniega eta Amurriko Udalen eta Vital Fundazioaren laguntzarekin. Atzo egin zuten egitasmoaren aurkezpena Gasteizen. “Garrantzitsua da Emakumeen I. Bira martxan jartzea, eta Aiaraldean izatea, aukera izango delako emakumeen kirolaren alde egiteko, euren parte hartzea bultzatu, bistaratu eta aitortzeko, eremu guztietan egon daitezen, genero estereotipoak eta mugak gaindituz”, nabarmendu zuten antolatzaileek.
