35 urte beteko ditu aurten Laudioko Kirikiño aisialdi taldeak. “1984an sortu ziren elkartearen estatutuak, hori izan da urteurrenak kontatzeko abiapuntua. Baina taldea berez lehenago sortu zen. Sortzaileekin harremanetan jarri gara baina ezin izan digute jaiotzaren data zehatza eman”. Hala azaldu du Ander Fernandezek. Bera da Laudioko aisialdi taldea osatzen duten kideetako bat. Egun, 15-20 pertsona inguru daude taldean.
Egitasmo berriak
Elkarte ezaguna da Kirikiño Laudion. Urte asko daramatza herriko jai eta ekitaldietan umeentzako tailer eta jolasak eskaintzen. Orain, baina, salto bat eman dute taldearen jardunean. “Ikusi genuen beti berdina edo oso antzekoa zela egiten genuen guztia. Gauza batzuk berritu nahi genituen”. 2018ko irailean eman zuten lehen urratsa. “Orduan iragarri genuen Negulekuak egingo genituela abenduan eta ekimen horren antolakuntzan murgildu ginen”. Egitasmoak “harrera oso ona” izan zuela nabarmendu du Fernandezek, “plaza guztiak bete ziren. Aurrera jarraitzeko bultzada izan zen”.
Otsailean garatu zuten proiektu guztia. Bi ildo zehaztu zituzten: Elikadura eta ikuskizunak. Ellakuriko udal ortuetara jo zuten lehen ildoa jorratzeko. “Baratza atondu dugu bertan, umeekin elikaduraren ziklo osoa egiteko: ekoiztu, kozinatu eta jan”. Ortutik lortzen dituzte barazkiak sukaldaritza tailerrera bideratzea da euren asmoa, “kozinatutakoa denon artean bazkaltzeko gero”. Ikuskizunen alorrean, aldiz, umeei bideratutako eskaintza kulturala osatu nahi dute.
Lehen aisialdi taldeak Frankismoaren garaian sortu ziren, elizari lotuta. 80-90. hamarkadetan, aldiz, ugaritu egin ziren
Zinema proiekzioak egiten hasi dira, baina antzerkiak eta bestelako ikuskizunak eskaintzea ere badute helburu. Fernandezek azpimarratu dutenez, haurrek dute zer eta nola egiteko erabakimena. “Eurek erabakitzen dute zer landatu, zer filma ikusi edota zerkozinatu”. Kirkiñoko kidea pozik azaldu du eginiko apustuak izan duen emaitzarekin. “Espero baino harrera hobeagoa izan du. Pentsatzen genuena baino askoz azkarrago jendarteratu dira proiektuak”.
Etorkizunera begira, arestian aipatutako bi ildo horiek garatzen jarraitzeko prestutasuna erakutsi dute Kirkiñoko kideek. “Udan auzolanak egin nahi ditugu familia eta umeekin. Horrez gain, badugu taldearen urteurrena ospatzeko jai egun bat antolatzeko asmoa, irailean”.
Eskualdeko aisialdi taldeak
Kirikiño ez da Aiaraldean dagoen aisialdi eragile bakarra. Azken hamarkadetan mota horretako talde ugari egon dira eskualdean. Frankismoaren itzalpean sortu ziren lehenak, elizari lotutako talde gisa. Catequesis y tiempo libre izeneko taldea egon zen Artziniegan eta Tiempo libre izenekoa, aldiz, Urduñan.
Gerora, baina, beste hainbat talde sortu dira, Amurrioko Aspaltza kasu. “1995an sortu zen, euskalgintza munduan mugitzen ziren hainbat kideren eskutik”, azaldu du Irantzu Molinuevok, “ikastetxeetatik kanpoko aisialdian ere euskara sustatzea zen helburua”.
Zinema proiekzioak egiten hasi ziren, baina laster pasa ziren bestelako tailerrak eskaintzera. Orain, aldiz, ludoteka zerbitzua da antolatzen duten ekintza nagusia, taldearen egoitzan bertan eskaintzen dutena. “Umeen oporraldietan egiten dugu, familien antolamendua errazteko asmoz”.
Hor daude baita ere Amurrio eta Urduñako eskaut taldeak. Lehena oso talde beteranoa da.
Aisialdi talde berriak sortu dira azken urteetan: Aretako Pinpili, Arespalditzako Kili-kili edota Kokoriko Hezkuntza Faktoria
“Duela 41 urte sortu zuen Felix Murgak. Gaur egun berak ezarri zituen oinarri gehienak sustatzen saiatzen gara”, azaldu dute taldeko kideek. Haurrei “aukera berriak” eskaintzea dute helburu: “naturak eskaintzen dizkigun altxorrekin bizitzen ikasi, beste adin eta sexutako jendearekin erlazionatzen ikasi, nagusiek txikietaz ikasi eta txikienak nagusiez... Begirale, haur eta gurasoen artean sortzen den “familia giroa” nabarmendu dute. “Gainera, euskaraz hitz egiteko aukera ederra da, euskaraz komunikatzen garelako”. Horrez gain, haurrak “pertsona kritiko” bihurtu nahi dituzte, “txikiak direnetik nagusi izan arte eurekin lan eginda”.
Hilero biltzen dira zer jarduera egin zehazteko. Adinka banatzen dituzte taldeak, eta hiruhileko helburuak zehazten dituzte, “helburu horiek betetzeko ekintzak planteatzeko”. Gauzak hala, talde bakoitzak bere egitasmo eta proiektu propioak garatzen ditu. Talde horietako bat izan zen iragan udan Greziako errefuxituen kanpalekuetara joan zena. “Ez dute horretara mugatu nahi. Horregatik, arropa bilketa bat egin dute eta bideo bat egiten ari dira pertsona errefuxiatuei buruzko 10 topiko apurtzeko”.
Loraldia
Arestian aipatutako guztia kontuan hartuta, eskualdeko aisialdi taldeak indartsu daudela ondorioztatu daiteke. Azken urteetan, gainera, talde berriak sortu dira eskualdean. 2017an Kili-kili taldea sortu zuten Arespalditzako guraso batzuek, haurren aisialdia kudeatzeko.
Aretan, aldiz, iaz sortu zen aisialdi taldea. “Ikusi genuen ez zegoela aisialdirako aukerarik. Bazeuden eskolaz kanpoko ekintzak, baina ez ziren pertsona guztientzako eskuragarriak eta ez zituzten guretzako garrantzitsuak ziren hainbat balioak lantzen”, azaldu dute egitasmoaren sustatzaileek. “Jaietan eta beste une batzuetan egiten ziren tailerrek zuten harrera ikusita, urte osoko programa osatzea erabaki genuen”.
Hasieran, Aretako Gazte Asanblada izan zen eskaintza hori antolatzen zuena, baina handik urtebetera aparteko talde bat sortzea erabaki zuten. Horrela jaio zen Pinpili aisialdi taldea.
Hiru ildo lantzen dituzte: Euskara, Aretako herri izaera eta autogestioa. Hainbat adin, ezaugarri eta jatorritako haur eta gazteak biltzen dituzte. “Jende asko hurbildu da eta aurrera jarraitzera animatu gaituzte. Ekintza berriak planteatzen ari gara, proiektuari jarraipena emateko, urteetan mantendu dadin”.
Iragan urtarrilean, aldiz, Kokoriko Hezkuntza Faktoria aurkeztu zen Laudioko Lamuza parkeko Kasinoan, hezkuntzan euskaraz eta euskaratik eragiteko. Ekintza andana antolatu dute proiektu jaioberri horretako kideek, eta aurtengo udari begira ere beste horrenbeste prestatzen dabiltza. Hemen topatu daiteke egingo dituzte hurrengo jardueren informazio guztia.