Urrats berriak aurkeztu ditu Gure Esku Dago egitasmoak. Laudion egin zuten horretarako agerraldia, hitzaldi baten testuinguruan. Azken 5-6 urteetako lana izan zuten hizpide: giza kateak, Donostiako mosaiko erraldoia, herri galdeketak... Legebiltzarrera 2019 arrazoi eraman zituzten ere.
Ibilbide horri esker, fase berri batean daude: erreferendumaren aldeko herri ekimena gauzatzeko kronograma aurkeztu zuten. Ekaina bitarte sozializazioan zentratuko dira, eta udazkenean aurkeztuko dute bide orria. Neguan eta udaberrian elkarguneak sustatuko dituzte, apiriletik ekainera kanpaina abiatzeko. Diagnostikoak, manifestuak eta sinadura bilketak antolatuko dituzte, aurreratu dutenez.
"Ezer ez denean ziurra dena da posible. Erresuma Batuan bozkatzera doaz", azaldu zuen Josu Etxaburu bozeramaileak. Munduko burujabetza mugimenduak indartsu datoz, bere esanetan. "Europar Batasunaren eredua ezbaian dago, beste alternatiba batzuk posible dira. Zergatik ez du izango Euskal Herriak Kataluniak eta Eskoziak bezala tokia?". Horregatik, erabakitze eskubidea eskatzetik gauzatzerako pausoa emango du eragileak.
Oletako zelaietan ekimena
Aiaraldeko Gure Esku Dagok, ekainaren 23an egingo du hurrengo ekimena. Urduñatik, Artziniegatik, Laudiotik, Aiaratik eta Amurriotik Oletara abiatuko dira, bertan egunpasa egiteko asmoz. Besteak beste, ekitaldia, txosna, herri bazkaria eta herri kirolak egongo dira, jakinarazi dutenez.
Ekimen guzti hauek aurrera ateratzeko bazkideak ugaritzeko beharra azaleratu dute, bestalde. Interesa duen orok, webgunean topatuko du informazioa.