Ez da mito hutsa, errealitatea da: sexismoa eta matxismoa festa giroan bete-betean sartuta daude. Gazteengan ez ezik, umetatik barneratzen ditugu jarrerak. Adibide ugarik hala adierazten dute: nork ez du entzun "kontuz etorri etxera" neska izateagatik?
Barraketako irudietan objektualizatutako nesken irudiek ere zer pentsatua eman beharko lukete. Edota, tabernetan ordu txikitan entzuten diren abestiek bultzatzen dituzten jarrera eta mezuek. Alabaina, hain daude normalizatuta jarrerok ezen eta onartu egiten baitira.
Mila modutara irakurri dugu "jaietan eraso sexistarik ez" mezua. Horren adierazle dira Aiaraldeko Mugimendu Feministaren kanpainak, edota instituzioek sustatutako Beldur Barik guneak. Zorionez, feminismoaren aldarriek indarra hartu ahala, festen alorrean ere hartzen doaz neurriak: Urduñako Udalak haurren atrakzioak jartzeko baimena emateko irudi sexistarik ez agertzeko baldintza gehitu zion araudiari. Aretako Txosna Batzordeak karpan -toki esanguratsuan- jarri zuen eraso matxistarik jasatekotan edo ikustekotan pultsera moredun txosnako kidearengana -uneko txosna arduradunarengana- jotzeko eskaera. Nola instituzioek hala eragile feministek jaiei begira eraso matxisten kontrako protokoloak sortu dituzte. Era berean, etxeratzeko "brigada moreak" egin izan dituzte orain arte eskualdeko zenbait jaietan. Are, salaketen aurrean, erasotzaileak identifikatu eta euren jarduera zein espazioetako sarrera debekatzeko konpromisoa agertu dute zenbait eragilek, txosna eta jai batzorde batzuk kasu.
Hala eta guztiz ere, oso ohikoak dira adin guztietako gazteen artean ligatzeko "baboseoak", whatsapp zein instagram bezalako sare sozialetan kontrol edo jazarpenak, edertasuna aitortu edo ukatzeko eskatu gabeko iritziak... Gauzak argi: maitasun edo sexu harremanak bakoitzak erabaki behar ditu nola bizi; eta beraz, gai izan behar gara libreki erabaki eta errespetatzeko. Instituzioetako kontzientziazio eta sentsibilizaziorako postuetatik harago (photocallak, Emagin-en guneak etab), salatzea eta ahalduntzea norbanako guztien ariketa izatea lortu behar dugu.
Alabaina, norbanakoetatik harago, festen testuinguruan gehiago dira identifika litezkeen zapalkuntzak. Jai egitarauak begiratuta, zenbatetan dira emakumeak ekintzetako protagonista nagusiak? Kultur edota kirol ikuskizunak hautatzean sexu aniztasuna hartzen al da kontuan?
Hona hemen landu beharreko beste gai edo hutsune bat: gurasotasuna eta festak parekideki uztartzen al dira? Edoskitze guneak ba al daude ama direnek jardueretara bertaratzeko aukera izan dezaten?
Errespetatua izateko eta gozatzeko aukera denona izan behar da. Jai dugu bestela.