"Gure eskualdean datozen udako jaietan eraso matxistei aurre egiteko bidea jorratzen jarraitu nahi dugu". Hala adierazi zuten atzo Aretako txosnagunean Aiaraldeko Mugimendu Feministako kideek.
"Areta, Amurrio, Laudio eta Orozkoko jaietan guk ere gozatu nahi dugulako, hainbat sistema eramango ditugu aurrera eraso matxistak salatu eta erasotuari babesa eskaintzeko".
Protokoloa osatu dute horretarako. Amurrion eta Laudion jarriko dute indarrean, aurreratu dutenez. 24 orduz salaketa edo babeserako telefonoa eskainiko dute, besteak beste: 688752784. Horrez gain, Orozkoko sanantolinetan "gune kritikoak" markatuko dituzte. "Emakumeok ere jaiez gozatu nahi dugulako, ezinbestekoa dugu gure ahalduntzerako sare eta tresnak sortzea".
Mezu argia zabaldu dute: "Ez dugu jai giroan, lanean edota etxera bidean atzera begira joan nahi, ez ditugu babosoak gure espazioetan onartuko". Neskei ere helarazi diete babesa, "injustizia patriarkalaren gainetik, guk sinesten zaituztegu!".
Plazak, etxeak eta kaleak gozamenez bete nahi dituzte, "atseginago eta bizigarriago" bihurtzeko, baina baita ahalduntzeko eta jakintzak partekatzeko ere, "elkarrekin boteretzeko eta askeago izateko".
Egun feministak
Aurtengo festetan egun feminista egingo dute lehenbizikoz Amurrion, abuztuaren 13an. Orozkoko Zapatu Morea, berriz, abuztuaren 31n izango da. Horrez gain, kalejira feminista deituko dute Laudioko festetan, Baserritar egunean; hots, abuztuaren 23an.