“Arrastiak Faktorian”, kultur jarduerak eta tokiko elikadura ekologikoa eskutik

Erredakzioa 2019ko ira. 12a, 13:02

Ekimenaren kartela. / Aiaraldea Ekintzen Faktoria

“Obrengatik irekita”.  Aiaraldea Ekintzen Faktoria Laudioko Industrialdean erreformatzen ari den pabilioian sei kultur jarduera garatuko dira iraila eta urriko beste horrenbeste ostiraletan. Musika, bertsolaritza eta zinema ekitaldiak programatu dituzte Faktorian, tokiko elikagai eta edari ekologikoekin batera gozatzeko.

Irailaren 20tik urriaren 25era bitarteko ostiral guztiak kulturaz jantziko dituzte Aiaraldea Ekintzen Faktoriako lagunek. Laudioko Industrialdean  erreformatzen ari diren pabilioia publiko zabalari ireki nahi diote,  proiektua ezagutzera eman  eta egitasmoa babestuko duten herritar berriak gerturatzeko asmoz. "Askotan entzun edo ikusten dugu 'itxita obrengatik' kartela han eta hemen, guk 'obrengatik irekita' gaudela aldarrikatu nahi dugu" adierazi du Gartzen Garaio Faktoriako kide  eta obraren koordinatzaileak.

Sei ostiral hauek kulturaz eta elikaduraz jantziko dituen zikloaren asmoa proiektuaren berri ematea dela azaldu du Garaiok,  "obren ostean Faktoria izango den 750 metro karratuko espazioan  egunerokotasunean aurkituko ditugun bi osagairekin egin nahi dugu ekimena: kulturarekin eta tokiko elikagai ekologikoekin".

Kultur afariez gainera, bertaratzen diren herritarrek obra lanen jarraipena egiteko aukera izango dute, bai eta euskarak eskualdean izango duen plaza berri horretan kokatuko diren azpiegitura, espazio eta proiektuak ezagutzeko beta ere.  "Ohartu gara herritar gehienek ez dutela proiektua ezagutzen, eta dinamika hau baliatu nahi dugu egitasmoa jendarteratzeko". Dena ondo bidean obra lanak udaberrian amaitzea aurreikusi dute Aiaraldea Ekintzen Faktoriako kideek, baina horretarako eskualdeko herritarren sustengua behar dutela azaldu dute; "anbizio handiko proiektua da, inbertsio ekonomiko handia eskatzen duena, eta horri guztiari aurre egiteko ezinbestekoa dugu proiektuari denbora eta sustengu ekonomikoa emango dioten herritarren kopurua handitzea".


Arrastiak Faktorian zikloa
Euskal Herri guztiko hainbat kulturgilek beteko dute udazkenaren etorrerarekin batera Faktoriaren oholtza. Musika, bertsolaritza eta zinema ekitaldiekin batera, bertaratzen diren herritarrek tokiko elikagaiekin egindako afari eta edariez gozatu ahal izango dute.  Garaiok azaldu duenez, "eskaintza eskuragarria izango da: 7 euroren truke, jarduerarako sarrera, hanburgesa edo pizza eta patata frijituak eskainiko ditugu, eta afaldu nahi ez duenak 3 euroko sarrera ordaindu beharko du". Afariko osagai guztiak tokikoak eta ekologikoak izango dira, bai eta zerbitzatuko den edaria ere, garagardo artisauak eta zuku zein ardo ekologikoak eskainiko baitituzte. Era berean, aukera barazkijalea ere eskainiko da.

Emanaldiak iluntzeko 20:00etan hasi eta 22:30ean amaituko dira, eta haurrek ez dute sarrerarik ordaindu behar izango.  Jakinarazi dutenez, sarrerak ez dira aldez aurretik salduko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide