Hainbat mobilizazio egiten ari dira eskualdean asteartean Tubacex taldeko Aceralava fabrikan jazotako lan heriotza salatzeko. Atzo elkarretaratzea egin zuten ehundik gora herritarrek Laudioko Herriko plazan, eta gero Ernai gazte antolakundeko kideen ekimena egin zuten fabrikaren sarreran.
Gaur, aldiz, hainbat ikasle eta herritar batu dira Ikasle Abertzaleak, Orbeko Etxea eta Laudioko Gazte Asanblada eragileek Lamuza plazan egin duten elkarretaratzera.

Beste bi elkarretaratze
Tubacexeko Enpresa Batzordeak, bere aldetik bi elkarretaratze deitu ditu. Gaur egin dute lehena, 18:00etan Tubacexen Amurrioko lantegiko atean. Bigarrena bihar izango da, 12:00etan Amurrioko Juan Urrutia plazan. Komiteak jakinarazi du beharginek ezingo dutela lan-orduetan bertaratu mobilizazioetara, zuzendaritzak ez duelako horretarako baimenik eman.