Tubacexeko langile bat hil da, bero handiko gune batean lanean zegoela eman dion bihotzekoaren ondorioz

Erredakzioa 2019ko ira. 18a, 10:07

Anbulantzia eta suhiltzaileak bertaratu dira fabrikara.

Behargina Eusetek enpresa azpikontratatuarekin zegoen lanean fabrikan. Udan Tubacexen jazo den bigarren lan heriotza izan da, eta eskualdeko hogeigarrena. Mobilizazioa egongo da gaur 19:00etan Laudioko Herriko plazan.

Tubacex taldeko Aceralava lantegian zegoen behargin bat (M.G.R. 59 urteko gizonezko laudioarra) hil zen atzo, bihotzekoak jota. Bero handia egiten zuen toki batean zegoen lanean konortea galdu zuenean. Antza, bero-kolpe bat pairatu zuen. Anbulantzian eraman zuten Basurtoko ospitalera behargina, baina ez da onik atera.

Iturri sindikalen arabera, Eusetek enpresa azpikontratatuarekin zegoen lanean fabrikan. Sindikatuak gaur bilduko dira 15:00etan gertatutakoa lantzeko. Enpresaren zuzendaritzak adierazi die ez dakiela zeintzuk diren heriotzaren arrazoiak. Gaur 19:00etan mobilizazioa egongo da Laudioko Herriko plazan, gertatutakoa salatzeko.

Udako bigarren lan heriotza
Euskal Herrian aurten egondako 33. lan heriotza da honakoa, eta Tubacexen udan jazotako bigarrena. Izan ere, iragan uztailaren 4an Laudioko gazte bat hil zen enpresaren Laudioko fabrikan. Duela bederatzi urte beste langile bat hil zen lantoki berean.

Aiaraldea hedabideak erreportajea osatu zuen orduan lantegian ordezkaritza duten sindikatu guztien iritziekin, lan heriotzak ekiditeko prebentzio neurriak hartu ziren edo ez jakiteko.

20 hildako 11 urtetan
Urtez-urte luzatzen doan zerrenda da lan-heriotzena. 2007tik hona 20 langile zendu dira eskualdean lan-istripuen ondorioz, atzo zendutakoa kontatuta. Iaz, adibidez, bi gizon hil ziren Orozkoko harrobian lan egiten ari zirela.

LABen irakurketa
LABek irakurketa plazaratu du gertatutakoaren inguruan. “Elkartasun osoa” helarazi nahi izan die “langilearen familiari, herrikideei eta lagunei, baita langile klase osoari ere”. Lan baldintzek istripuetan “eragin zuzena” dutela azaldu du sindikatuak: “Eusetek Gas S, Tubacex-en
azpikontrata bat da Amurrioko Aceralava lantokian, eta Aceralavaren labearen mantenuaz
arduratzen da. Hortaz, tenperatura oso altuetan edo muturrekoetan egiten dute bertan
lan, eta ezin dugu ahaztu atzo bero handia egin zuela Amurrion eta eskualdean”.

Zendutako langileak lehen Gometeguin lan egiten zuela ere kontatu dute oharrean. “Gometegi enpresan prozesu konkurtsal aski traumatiko bat izan ostean, M.G.R-ek, beste lankide batzuekin batera, kalean ikusi zuela bere burua, enpresak zor zion guztia jaso gabe eta langabeziara joanez, lan merkaturako adin zailarekin; 50 urte baino gehiagorekin. Honi gehitu behar zaio urte asko zeramatzala enpresa horretan lan egiten, bere bizitza proiektua baldintzatuz”. Horregatik, sindikatuak uste du horrek guztiak ere eragina izan duela zendutako beharginaren lan osasunean.

Gauzak hala, LABeko kideek nabarmendu dute mobilizazioa dela “lan heriotzen sarraskia” gelditzeko modu bakarra, eta datozen orduetan egoerari “merezi duen erantzuna” ematen saiatuko direla aurreratu dute.

Ernairen irakurketa
Aiaraldeko Ernaik ere irakurketa propioa plazaratu du ezbeharraren harira,  eta arratsaldeko mobilizaziora joateko deia zabaldu du. “Tubacexen dagoen prekarietatearekin” lotu du gazte antolakundeak lan heriotza. “Prekarietatearen aurpegirik gordinena agertu zaigu berriro ere gaur eskualdean. Baina enpresako egoera duela denbora jasanezina da: langileen esku uzten dituzte bizitza jokoan ez jartzeko erabakiak, ez daude erreminta eta giza baliabide nahikorik lana egiteko, eta formazioa eta segurtasun falta kezkagarriak dira”.


Horrez gain, eskualdeko gainontzeko enpresetako egoera ere “kezkagarria” da, Ernairen iritziz. “Prekarizazio egoeraren aurrean piztu diren borrokak” aipatu dituzte: Valvospain-Ituartekoa edota Berriak supermerkatuetakoa kasu. Horren aurrean, “borroka kolektiboaren garrantzia” azpimarratu du antolakundeak, “egoera jasanezin hau iraultzeko ezinbestekoa” dela iritzita. “Amorrua antolatu eta kapitalaren aurrean gure bizitzen defentsa egiten jarraituko dugu”.

Aiaraldeko Ernaiko zenbait kidek Laudioko Zumalakarregi etorbidea moztu zuten iragan uztailean Tubecexen gertatutako beste lan heriotza salatzeko:

Elkarretaratzea bihar 12:00etan
Laudioko Gazte Asanbladak, Orbeko Etxeak eta Ikasle Abertzaleak eragileek ere salatu dute lan heriotza; eta elkarretaratzea deitu dute biharko, 12:00etan Laudioko Lamuza plazan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide