Ziklokrosa Aiaraldean, lokatz arteko marka baino gehiago

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko urr. 8a, 08:00
Urriaren 12an izango da Urduñako ziklokros proba. / Aiaraldea.eus

Urduñako Ziklokrosak abiatuko du Euskadiko txapelketa. Urriaren 12an izango da proba. Laudioko nazioarteko txapelketak hartuko dio lekukoa hilabete amaieran, hilaren 26an egingo baitute XXXII. Laudioko Ziklokrosa.

Lokatza. Hori da ziklokrosek txirrindularien gorputzetan eta bideetan utzi ohi duten marka. Markak haustera etorriko dira, ordea, eskualdera txirrindulari federatuak datozen asteetan. Ohi bezala, Laudion eta Urduñan izango dira Aiaraldeko probak.

Hain zuzen, Urduñan abiatuko dute Euskadiko Ziklokros txapelketa, urriaren 12an. Urduñako Txirrindulari Elkarteak antolatutako ekimenak 350 lehiakidetik gora bilduko ditu Kintana eta zezen-plaza artean. Horretarako lau aste eman dituzte zirkuitua prestatzen urduñarrek, Asier Oiartzabal kidearen esanetan: “Zezen-plazan, esaterako, arezko ibilbidea kokatuko dugu”. Auzolanean egin dute prestaketa, eta zaleentzat hiru astez egongo da eskura, “bi aste lehenagotik probatu daiteke, eta probatik astebetera kenduko dugu, pixkanaka”. 

Eskailerak, arrapalak, bihurguneak… orotariko oztopoak gainditu beharko dituzte txirrindulariek. “Goizetik arratsaldera arte luzatuko da egitaraua, oso egun polita izango da, kirolariak ikustera eta animatzera gonbidatzen zaituztegu”, erantsi du urduñarrak, “ordutegia europarra izango da”. Kadete mailakoek abiatuko dute lasterketa, 11:00etan. Txikienak -juniorrak- aterako dira segidan, 11:45ean, eta 12:30ean haurrak. Horrenbestez, adin guztiek izango dute lehiatzeko eta gozatzeko tartea, “federatuta baldin badaude”. 

Hitzordu nagusiak eguerdian izango dira: 14:00etan arituko dira masterrak, eta 14:50ean emakumezkoak. “Aurten, gainera, sari berdinak egongo dira neska zein mutilentzat”, nabarmendu du Oiartzabalek. Azken lasterketa -eliteena eta 23 urtez azpikoena- arratsaldez gauzatuko dute, 15:50 aldera. Ikuskizuna ziurtatuta dagoela-eta, txosna jarriko dute beste behin ere: “Horrela, batetik, gastuei aurre egiteko dirua lortuko dugu. Eta, bestetik, jendea bertan geratzeko janaria zein edaria eskaini. Saratxoko hanburgesak eta Eusko Label haragia edukiko ditugu”. 

Laudioko proba, nazioartekoa
Urriko azken larunbatean hartuko dio Laudiok lekukoa Urduñari. Hain zuzen, XXXII. Laudio Ziklokrosa ospatuko dute, Laudioko Txirrindulari Elkarteak antolatuta. Espainiar estatuko ligaren barruan dago zita, eta Ellakuriko zelaietan barrena atonduko dute ibilbidea. Sare sozialetan aurreratu dutenez, 9:10etik hasita, etengabe egongo dira lasterketak; bigarren sari banaketa 15:10 aldera izango baita.

Irteera gunea zeharkatzen lehenbizikoak master 40, 50 eta 60 kategoriakoak izango dira; 9:10ean, hain zuzen. 10:05ean aterako dira Master 30 kategoriako txirrindulariak eta 11:00etan Kadeteak. Hala, lehen sari banaketari 11:50 inguruan ekingo diote.

Bigarren txanpa batean neurtuko dituzte indarrak, beraz, gazteek: 12:20ean juniorrak abiatuko dira, 13:15ean emakumezkoak eta 23 urtez azpikoak eta 14:10ean elitekoak eta 23 urtez beherakoak. Lehia bezain ordutegi estua aurreikusi dute, horrenbestez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide