Emakundek sustatutako egitasmoa da Beldur Barik Jarrera. Modu horretan nahi dute gazteen artean kontzientziazioa eta sentsibilizazioa areagotzea. Gainera, azken urteetako ildoari jarraiki, eskualdeko udalerrietara egokitutako ekimena prestatu dute aurten ere. Hain zuzen, Beldur Barik Aiaraldea lehiaketaren baitan, sari bereziak eskuratzeko aukera izango dute Urduña, Amurrio, Aiara, Artziniega, Okondo, Laudio eta Orozkoko gazteek. Ikus-entzunezkoak ekoitzi beharko dituzte horretarako.
Antolatzaileek azaldu dutenez, sei sari egongo dira: bideorik onenentzat 400 euroko sei sari, eta 300 euroko beste bi. Izan ere, poemak, fotonobelak edota bestelako euskarriak ere onartuko dira. Txapelketako oinarri eta ezaugarriak www.beldurbarik.eus webgunean daude. Aipatutako sei sariak hiru kategoriatan bereiziko dira: 12-13 urtekoak, 14-18 artekoak eta 18-25 bitartekoak. Maila guztietan lehen eta bigarren lanik onenak aitortuko dira, 400 euroko sariarekin. Horrez gain, ikus-entzunezkoa ez den lanik borobilena 300 eurorekin aitortuko dute sari bereziaren bidez, baita parte hartze saria ere. Lanak entregatzeko epea azaroaren 5ean amaituko da. Eskualdeko txapelketaren sari banaketa Okondon izango da, azaroaren 22an.
Zer da Beldur Barik jarrera?
Beldur Barik jarreraren definizioaz galdetuta, "indarkeria sexistaren manifestazio anitzak ikusaraztearen garrantzia" nabarmendu dute antolatzaileek, "eguneroko testuinguru eta esparru guztietan hautematen den desorekaren ondorio direnak". Ekimenaren bidez nahi dute gazteek jasaten duten indarkeria matxista hautematea, edota beste adiera batzuk, “translesbohomofobia” kasu. "Erreferente positiboak erakutsi nahi ditugu, ahaldundutako neska indartsuak eta indarkeria sexistaren aurkako borroka aktiboan inplikatzen diren mutil begirunetsuak, zeintzuek neskei bakarrik eragiten dion zerbait ez dela erakusten duten".
Sustatzaileen esanetan, planteatzen diren irtenbideak indibidualak zein kolektiboak izan litezke. "Indarkeria hau sortzen duten faktoreak eta bere manifestazioak identifikatzeaz gain, kritikoa, urratzailea eta positiboa den jarrerarekin aurre egiten zaio", erantsi dute.