Hasi da perretxikozaleen garaia. Zaletu ugari dabiltza egunotan eskualdeko mendietan barrena, ziza eta perretxiko bila.
Gauzak hala, mikologia jardunaldiak egingo dituzte Laudion eta Amurrion, urteroko ohiturari jarraiki.
Laudioko egitaraua
Laudion Mikologia Astea burutuko dute urriaren 27tik azaroaren 3ra. Hitzaldi eta erakustaldi ugari egingo dituzte Zubiko etxean. Azaroaren 3an, aldiz, Herriko plazara mugituko dira, hainbat jarduera burutzeko: perretxiko erakusketa, haurrentzako marrazki lehiaketa, dastaketa eta gastronomia lehiaketa.
Amurrioko programa
Amurrion, aldiz, Mikoturismo Egunen XVI. edizioa egingo dute hiru asteburutan zehar. Urriaren 26an eta 27an perretxikoak sailkatzeko eta erakusteko jardunaldiak egingo dituzte, udal pilotalekuan.
Horrez gain, XIV. Pintxo Lehiaketa egingo dute. Udalerriko 11 establezimenduk hartuko dute parte norgehiagokan.