[IRITZIA] Bi langile hil ostean, mimo bat jarri du zuzendaritzak Tubacexeko lantegietan istripuak ekiditeko

Aitor Aspuru Saez 2019ko urr. 28a, 12:30

Uztailean hilik atera zuten langilea Tubacex enpresako lantegitik Laudion, istripua gertatu ostean./ Aiaraldea.eus

Bihar greba deitu dute sindikatu guztiek Aiaraldeko Tubacex enpresako faktorietan. Sindikatuek prebentzio eta segurtasun neurriak eskatzen dituzten bitartean, zuzendaritzak mimoa kontratatu du lan istripuak ekiditeko. Ez da txantxa.

Azken hilabeteetan Laudioko bi langile hil ostean Tubacex enpresako eskualdeko lantegietan, giroa ez da onena han, aurreikusi daitekeenez.

Testuinguru horretan, alde guztiek tentuz jokatu beharra dute, txinparta txiki batek sutea ez eragiteko. Dena den, zuzendaritzak, antza, ez du hori ulertu. Izan ere, azken asteetan, segurtasuna sustatzeko lantegiko postuetan, mimo bat kontratatzea bururatu zaio langileei kargu hartzeko.

Txantxa badirudi ere, ez da, inondik inora. Zuzendaritzak mimoa ekarri du Laudioko eta Amurrioko fabriketara, eta han egon da azken asteotan. Bere eginkizuna erraza zen, norbanako babeserako ekipoa -EPI- ez zuen beharginari txartel horia erakustea, alegia.

Jar gaitezke momentu batez Tubacexeko langileen azalean: azken hilabeteetan bi kide hil dira bere ardurak betetzen zituzten bitartean. Heriotza horiek ez dute inolako harremanik izan norbanako babeserako elementuekin, baizik eta bestelako arazo estrukturalekin: ordezkapen faltak oporretan, azpiegitura zaharrak, prekarietatea...

Hala ere, enpresak erabaki du mimoa jartzea paseatzen langileei "errieta egiteko", nolabait iradokitzeko segurtasun eza beharginen errua dela. Egora benetan lisergikoa.

Hori ez ezik, sindikatuek eskatutako prebentzio eta segurtasun neurriei ere uko egin die zuzendaritzak. Berdin izan zaie bi langile hiltzea udan, dirudienez. Antza, eurek ez dute ezer aldatzeko beharrik, eta, egia esanda, erakunde publikoek ere ez dute horrelakorik iradoki. Argazkiak egiteko edo telebistan agertzeko Tubacex enpresako lantegietatik noizean behin igarotzen diren ordezkari publikoek ez dute parte hartu istripuak salatu dituzten manifestazioetan.

Aurrekari horiekin, norbaiti arraroa egiten zaio bihar sindikatuek 24 orduko greba deitzea? Niri behintzat ez. Berez, mimoaren aferak txantxak egiteko balio izan badu ere, segurtasuna lanean kontu serioa da. Greba bat bezain serioa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide