Langile bat hil da Tubacex enpresan istripu baten ondorioz, bihar manifestazioa egingo dute eguerdian

Erredakzioa 2019ko uzt. 4a, 16:49

Suhiltzaileek lantegia utzi dute dagoeneko. / Aiaraldea.eus

Ertzaintzak berretsi du gizonezko gazte bat zendu dela gaur Tubacex taldeak Laudion duen lantegian. Ekoizpena gelditu dute bertan zein Amurrion beharginek eta bihar 12:00etan manifestazioa aterako da Laudioko faktoriatik.

Ertzaintzak adierazi duenez, 16:00ak aldera izan du istripuaren berri. Aiaraldea hedabideak jakin duenez, behargina lanean zegoela, makina batek harrapatu du. Hedabideen arabera, 25 urte zituen hildakoak.

Ertzaintzaren Prentsa zerbitzuaren hitzetan, ez dakite gehiago; Osalan erakundearen esku geratu baita ikerketa. Suhiltzaileak eta anbulantzia ere bertaratu dira lantegira.

Sindikatuko ordezkariak 17:15ak aldera hurbildu dira lantegira. Berez, langileek ekoizpena gelditu dute Laudion eta Amurrion eta faktoria hutsi dute. Gaur eta bihar lanuztea egingo dute eta, gainera, 12:00etan mobilizatuko dira. Lantegiko atetik abiatuko dira herriko plazara joateko.

Arratsaldean batzar irekia egin dute lantegiaren sarreran eta giroa amorruz, tristuraz eta tentsioz beterikoa izan da. Langile batzuek aldarrikatu dute enpresan dagoen prekarietatearen ondorioz hil dela gaztea, eta arduradunei izen eta abizenak jarri behar zaizkiela. Bitarte eta langile berrien trebakuntza falta azpimarratu dute.

Langile batzordeko ordezkariek ziurtatu dute istripuaren arrazoi teknikoak ezagutu gabe, argi dagoela Tubacex enpresan dagoen prekarietatearen emaitza izan dela gaztearen heriotza.

Duela 9 urte emaitza bereko istripua gertatu zen lantegi berean eta Ugaoko gazte bat zendu zen. Eskualdean, ordea, horrelako heriotzak ez dira eten eta, esaterako, Orozkoko harrobiko bi behargin hil ziren iaz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide