Iragan martxoaren 8ko Greba Feminista iltzatuta geratu da eskualdeko jende askoren memoria kolektiboan. Milaka emakume atera ziren kalera, bigarren urtez jarraian, “bizitzak erdigunean” jartzeko asmoarekin.
Milaka grebalari horien artean zeuden Berriak supermerkatuetako langileak. Eurentzat ere egun berezia izan zen hura, baina bazuen sinbolismo estra bat, lehen aldia zelako saltoki-kate horretako behargin moduan kalera ateratzen zirela. “Une horretan ez genuen sindikaturik atzetik. Grebara batu ginen behingoagatik bazegoelako batzen gintuen zerbait: emakumeak ginela eta nazkatuak geundela”, oroitu du Ludi Temiñok, “lanik txarrenak guretzako ziren beti, larunbatak eurentzako -gizonezkoentzako- ziren soilik, horregatik erabaki genuen kalera ateratzea”.
Hasiera batean pertsona bakan batzuen ideia zena segituan zabaldu zen supermerkatuetako langilegoaren gehiengora. “Behargin gehienak atera ginen kalera, baina dendak ez ziren itxi, zuzendaritzak gutxiengo lanpostuak bermatu zituelako”.
Greba feminista hura izan zen Berriak supermerkatuetan gerora garatu den borrokaren pizgarria. “Ahalduntzeko balio izan zigun. Batasun bat zegoela ikusi genuen egun hartan, eta ikusi genuen batasun hori mantentzea lortzen bagenuen agian gauzak aldatzeko gai izango ginela. Orain arte Berriak-eko langileak banaka joaten ginen zuzendaritzarekin borrokatzera. Batzuetan nahi zenuena lortzen zenuen, baina gehienetan ez”.
Uztailean akordioa erdietsi zuten langileek eta zuzendaritzak, baina bertan jasotako puntuak ez dira bete, beharginen ustez
Borroka eta garaipena
Handik bi hilabetera eman zuten lehen pausoa, maiatzean. “Hauteskunde sindikalak deitu genituen, beldur askorekin”, azaldu du Temiñok. Gehiengo absolutua lortu zuten. Langileen ordezkari izendatu zuten orduan Temiño, Garbiñe Aretxaga eta Ismael Del Olmo lankideekin batera. Hirurek osatzen dute langile batzordea, LAB sindikatuko kide bezala.
Komitea osatuta, aldarrikapenak plazaratzeari ekin zioten langileek. Lan egutegiarena zen eskaera nagusia. “Ez zen hitzarmenean zehaztutako lanaldia betetzen. Behargin bakoitzak aparteko 70-80 ordu egiten ditu urtean”, azaldu du Temiñok, “guztira urtebete egin dugu lan doan, 25 urte hauetan sartu ditugun aparteko ordu guztiak batzen baditugu”.
Gauzak hala, lanuzteak egiteari ekin zioten beharginek uda hasieran, eta handik aste batzuetara lortu zuten akordioa zuzendaritzarekin. Enpresak honako gauza hauek onartu zituen: langileek urtero 5 larunbat libre izatea, baita zubi bat ere, eta norberak hartzeko bi egun libre. Horrez gain, sartutako aparteko ordu guztiak aintzat hartzea adostu zuten bi aldeek.
Akordio hori, baina, ez da bete, langileen ordezkariek salatu dutenez. “Azaroan gaude eta orain 80 langileek pilatutako aparteko ordu guztiak libratzea jada ez da bideragarria. Enpresak horrekin jokatu du orain arte: langileek urte batetik bestera pasatu behar izan dituzte oporrak. Libratzeko egunak eskatu ditugunean data horietan ezinezkoa zela esaten digute, beste data batzuk proposatu eta berdin”.
4 denda ditu guztira Berriak kateak: Laudiokoa, Amurriokoa, Ugaokoa eta Bilbokoa. Azken hori BM frankiziaren denda da. 70-80 pertsona inguru daude Berriak-en saltokietan lanean
Langile bat kaleratzea
Horri guztiari beste gertakizun bat gehitu behar zaio: langile baten kaleratzea. “Urriaren 2an bota zuten. Kontratu mugagabea egin behar zioten legez; eta enpresak, hori egin ordez, kontratua deuseztatu zuen”, salatu dute beharginek, “kaleratutako kideak epaiketara jo beharko du eta kalte-ordaina emango diote bertan. Zuzendaritzak edozertarako erabiltzen du dirua, gutxiengo lan baldintza batzuk bermatzeko izan ezik”. Gauzak hala, langile hori berriz onartzea eskatu dute. “Jendea behar da enpresan, eskuak falta dira. Lan karga oso handia jasaten dugu”.
Horrez gain, lan hitzarmeneko puntu gehiago urratzen direla salatu dute langileek. Hainbat aldarrikapen jarri dituzte mahai gainean: kaleratutako langilea berriro onartzea, kategoria profesionalak berrikustea, garraio gastuak ordaintzea, lanerako arropa egokia ematea, oporraldien eta gehiegizko orduen aferei soluzioa bilatzea, 2020ko egutegia uztailean lortutako akordioaren arabera osatzea, lan-kargaren azterketa egitea, lan ordutegi bidezkoak izatea, probintzia batetik bestera aldatzeagatik hitzarmenak zehazten duen plusa jasotzea eta ordu-erregistroaren gaineko informazioa jasotzea hilero.
Horregatik guztiagatik ekin zioten urrian ordubeteko lanuzteak egiteari. Atzo -larunbata- egin zuten azkena, dendak itxita egon ziren 12:00etatik 13:00etara.
Lanuzteekin jarraituko dute
Langileen ordezkariak behin baino gehiagotan saiatu dira zuzendaritzarekin biltzen, baina momentuz ez dute erantzunik jaso. Gauzak hala, protestekin jarraituko dute, azken orduko albisterik gertatzen ez baldin bada behintzat. “Larunbatero egingo ditugu mobilizazioak. Azaroaren 16an ordubeteko lanuztea egingo dugu, 23an bi ordukoa, 30an lau ordukoa eta abenduaren 7an, gauzak horrela jarraitzen badu, egun osoko greba egingo dugu”.