[ANALISIA] Urte erdian Espainiako Kongresurako hauteskundeen ikuspegia aldatu da Aiaraldean

Aitor Aspuru Saez 2019ko aza. 6a, 14:22

Apirileko hauteskundeetan hartutako irudia. / Aiaraldea.eus

Apirileko Espainiako hauteskundeetatik hilabete gutxi igaro arren, emaitzak nekez errepikatuko dira datorren igandean. Ezkerreko botoa mobilizatzeko zailtasunak egongo dira gobernua osatzeko zailtasunen, Kataluniako egoeraren eta Javier Marotoren ausentziaren ondorioz. Ikusteke dago horrek zer eragin izango duen.

Apirilean Espainiako Kongresurako hauteskundeek erronka argia ekarri zuten Aiaraldera: botoaren mobilizazioa eskuineko alderdien (PP, Ciudadanos eta Vox) baturaren aurka. Egoera horretan bi aldagai garrantzitsu zeuden: bozka ahalik eta eraginkorrena izatea ordezkaritza lortzeko Madrilen eta Javier Maroto (eskuineko baturaren sustatzailea eta PPren diskurtso gogorraren bultzatzailea) aulkirik gabe uztea.

Sortutako larrialdi sentsazioak eragin argia izan zuen eta parte hartzearen gorakada ia %7koa izan zen apirileko hitzorduan. Esaterako, posta bidezko botoa %150ean handitu zen (San Prudentzioko zubiari esker).

Edonola ere, 6 hilabete eskas igarota, ikuspegia zeharo aldatu da. Zentro eta ezkerreko alderdiek ez dute erakutsi gaitasunik sortutako mobilizazioaren bultzada baliatzeko eta gobernua osatzeko. Ondorioz, galdera da ezkerreko zenbat bozkatzailek utziko dioten hauteslekuetara joateari, aurreko adostasun falta ikusita.

Batzuek Vox alderdiaren igoeran, dudarik gabe, jasoko dute motibazioa berriro bozkatzeko, baina ezkerraren etsipena agerikoa da. PSOE zein Elkarrekin Podemosen emaitzetan hori nola islatuko den ikusi beharra dago.

 

Apirilean larrialdi sentsazioak eragin argia izan zuen eta parte hartzearen gorakada ia %7koa izan zen. Posta bidezko botoa %150ean handitu zen

 

Horri gehitu behar zaio ezkerreko aukerak gehiago zatitu direla eta, Araban aurkeztuko ez bada ere, Txema Urkijo laudioarra izango dela Iñigo Errejónen Más País alderdiko zerrendaburua Bizkaian.

Bestalde, boto ezkertiarra astintzeko beste aldagai bat ere desagertu da. Apirilean Javier Marotoren hautagaitza erabakigarria izan zen. Aldiz, igandeko hitzorduan Marotok Segovian jarraituko du, hango senataria izendatu baitzuten Araban eserlekurik gabe geratu eta gero. Bere ordez Mari Mar Blancok hartu du lekua, eta PPren eskuin sutsua bada ere, ez du sortzen Marotok piztutako aurkakotasuna.

Maroto efektuari esker, bereziki, EH Bilduk Kongresuan ordezkaria jartzea lortu zuen, PPren kalterako, eta igandeko emaitzek esango dute koalizioak arrakasta hori mantenduko duen.

Katalunia
Aipatutakoaz gain, 'Procès'-aren epaia ere sartu da hauteskunde lasterketan. Erreferenduma antolatu zuten buru politikoen aurkako espetxe zigorrek Katalunia zurrunbiloan murgildu dute eta hedabideetan oso presente egon da gaia. Ikusezinago bilakatu da, ordea, Espainiar Estatuko botoak ere eskuinera mugitu dituela kataluniarren desobedientziak.

Eskualdean gatazka politiko hori modu ezberdinetan azaleratu daiteke; estatuko alderdietan eskuineko sentsibilitatea indartuta, esaterako, baina baita aukera abertzaleak sendotuta ere; EAJren hegemonia finkatuta edota EH Bilduren “zigorrezko” botoa sustatuta. Izan ere, bi esparru politiko horiek euren jarrera politiko irmoa erakutsi dute, PSOE eta Elkarrekin Podemos taldeek ez bezala.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide