Espainiako Kongresu eta Senatuko hauteskundeak izan dira gaur, urte bakarrean bigarrenez. Aiaraldeko herri guztietan izan da lehenbiziko indarra EAJ, eta EH Bildu bigarrena:
OKONDO
Okondon 680 lagunek bozkatu dute. EAJk bildu du babes gehien (288 boto), EH Bilduk 173 boz eskuratu ditu, Elkarrekin Podemosek 110, PSE-EEk 46, PPk 27, Voxek 16, PACMAk 2 eta Ciudadanosek 1. Bozka zuriak 8 izan dira eta baliogabeak 9. Apirileko deialdiari 723 okondoarrek erantzun zioten, gaur baino 43 lagun gehiagok. Parte hartzea %74,64koa izan da, %5eko jaitsiera jazo delarik.
ARAKALDO
Arakaldon, aldiz, lehia estua egon da: EAJk 28 boto bildu ditu, eta EH Bilduk 27. Ondorengoak izan dira, hurrenez hurren, beste alderdiek pilatutako emaitzak: Elkarrekin Podemosek 14, PSE-EEk 7, Ciudadanosek 1 eta Voxek 2. Horrez gain, boto baliogabe bakarra egon da, eta zuririk ez. Parte hartzea %68,97koa izan da, apirilean baino %1,83 gutxiago.
AIARA
Aiaran ere EAJ nagusitu da, 728 botorekin. EH Bildu izan da bigarren indarra, 358 botorekin. Horrez gain, Elkarrekin Podemosek 244 boza jaso ditu, PSE-EEk 171, PPk 120, Voxek 45, Ciudadanosek 7 eta beste alderdiek 9. Parte hartzea %73,65koa izan da, aurreko deialdiarekiko %4 murriztu da, beraz.
ARTZINIEGA
Artziniegan EAJk irabazi du. Orotara 312 boto eskuratu dituzte jeltzaleek, EH Bilduk 239, Elkarrekin Podemosek 147, PSE-EEk 108, PPk 84, Voxek 33, Ciudadanosek 8 eta gainontzeko alderdiek 9. Boto baliogabeak 7 izan dira, eta zuriak 5. Parte hartzeak behera egin du aurreko hauteskundeekiko (%70,15ekoa izan da, %4,26 txikiagoa).
LAUDIO
Laudion jeltzaleek lortu dute gehiengoa, 3.189 botorekin. EH Bilduk 2.033 boto metatu ditu, PSE-EEK 1.989, Elkarrekin Podemosek 1.689, PPk 781, Voxek 216 eta Ciudadanosek 93. Beste alderdiek 90 boto jaso dituzte. Parte hartzeak, baina, nabarmen egin du behera: apirilaren 28an %73,45ak bozkatu zuen, eta gaur %69,44k.
URDUÑA
Urduñan EAJ izan da Kongresurako hauteskundeetako garailea, 940 botorekin. EH Bilduk 583 boza pilatu ditu, PSE-EEk 267, Elkarrekin Podemosek 260, PPk 128, Voxek 56 eta Ciudadanosek 15. Beste alderdiek, ostera, 35 boto bildu dituzte. Urduñarren %70,47 joan da bozkatzera, aurrekoan baino %5 gutxiago.
OROZKO
Orozkon EAJ gailendu da 760 botorekin. EH Bildu izan da bigarren indarra, 369 lagunen babesarekin. Elkarrekin Podemosek 179 boto lortu ditu, PSE-EEk 100, PPk 51, Voxek 21 eta Ciudadanosek 3. Gainontzeko alderdiek, berriz, 16 boto batu dituzte. Parte hartze datuei dagokienez, %3 egin du behera apirileko deialdiarekin konparatuta, %73,77 bertaratu baita bozkatzera.
AMURRIO
Amurrion EAJk lortu du boto gehien, 1.994, hain zuzen. Bigarren indarra izan da EH Bildu, 1.400 botorekin. PSE-EEk 929 boto jaso ditu, Elkarrekin Podemosek 866, PPk 338, Voxek 153 eta Ciudadanosek 27. Gainontzeko alderdiek, berriz, 53 boto jaso dituzte. Parte hartzea %72,85ekoa izan da, aurrekoan baino %5 txikiagoa.
ARRANKUDIAGA-ZOLLO
Arrankudiaga-Zollon ere ozta-ozta zehaztu dute garailea. Izan ere, EAJk 248 boto jaso ditu, EH Bilduk baino 2 gehiago (246). Hirugarren indar babestuena Elkarrekin Podemos izan da, 37 botorekin. PSE-EEk 30 boza lortu ditu, PPk 12, eta Voxek 2. Gainontzeko alderdiek 3 boto baino ez dituzte eskuratu. Parte hartzea %75,58koa izan da, apirilean baino %6 gutxiago.