Independenteen atal sindikalak salatu du Tubacex enpresako zuzendaritzak ez zuela grebatzat jo uztailaren 5ean egindako 24 orduko lanuztea. Izan ere, hilabeteko soldata osorik ordaindu zieten.
Tubacex taldeko Aiaraldeko lantegietan ekoizpena gelditu zuten egun horretan Ibai Etxebarri laudioarraren heriotza salatzeko. Istripu baten ondorioz zendu zen laudioarra eta segurtasuna eskatzeko mobilizatu ziren bere lankideak.
Sindikatuak ohar bidez leporatu dio enpresako zuzendaritzari bere kontzientzia zuritzen saiatzea eta langileen duintasuna erosten saiatzea. Horregatik proposatu die langileei greba eguneko dirua Asviamie elkarteari bideratzea.
Asviamiek elkarteak lan osasunaren esparrua lantzen du, bereziki, amiantoaren eragin kaltegarria. Elkarteak eskertu egin du ekimena, eta baita bere jardueraren balioa aitortzea ere.
Gauzak horrela, interesunek 100 euroko ekarpena egin dezakete 3035-0083-220830107021 kontu korronte zenbakian, "Trabajadores Tubacex" kontzeptua zehaztuta.