Larunbatean estreinatuko dute “Artzaintza Gorbeian” dokumentala

Txabi Alvarado Bañares 2019ko aza. 14a, 08:38
Iaz ekin zioten dokumentala grabatzeari. / Jose Luis Urrutia

Bilboko BBK aretoan proiektatuko dute filma, 19:00etan.

Larunbatean estreinatuko dute Artzaintza Gorbeian. Milaka urteko lanbidearen iragana, orainaldia eta etorkizuna dokumentala. Bilboko Kale Nagusian dagoen BBK aretoan izango da zita, 19:00etan.

Aztarnak dinamizatu du filmaren grabaketa. “Lanbide zahar honen historia ageri da dokumentalean, izan dituen aldiak, orainaldia eta bereziki etorkizunari begira dituen aukerak”, azaldu dute elkarteko kideek.

Zehaztu dutenez, laurogei urtetik gorako hainbat artzain agertuko dira pantailan: “Jose Ereño, Jose Mari Olabarria, Javi Aldama, Luis Larrea, Juantxu Astondoa edota Enrike Etxebarria”.

Emakumeak ere aintzat hartu dituzte, nabarmendu dutenez. “Artzaintzaren garapenean eta iraupenean izan duten garrantzia eztabaidaezina baita aldiz aldi, eta horrelaxe erakutsi nahi izan dugu”.

Artzain gazteagoak ere agertzen dira pelikulan: Belen Etxebarria, Aitor Azkueta, Puy Arrieta, Jon Etxebarria edota Maribel Alava. “Beste era bateko adituek ere ematen dituzte euren iritziak, aldarrikapenak eta proposamenak; horrela, landa garapenean adituak, biologoak, politikariak eta beste profesional batzuk ere agertzen dira”.

Helburuak
Azaldu dutenez, hainbat helburu izan dituzte dokumentala egiterako orduan. Artzaintzaren “errealitatea” ezagutzera ematea du xede ikus-entzunezkoak, baita artzainen figura “duintasunez janztea” ere.

Dibulgaziorako tresna gisa osatu dute dokumentala, artzaintzak mendietan duen garrantziaz kontzientziatzeko, “gazteen artean batez ere”.

Horrez gain, etorkizunera begirako dokumentala ere bada, “artzaintza modernorantz bidea egiteko formulak aurkitzeko tresna” izatea nahi baitute egileek.

Telebista eta jaialdiak
Larunbateko estreinaldira gerturatzeko betarik ez dutenek izango dute aurrerago filma ikusteko aukera. Telebista kateetara eta jaialdietara bidali nahi dute.

Proiekzio batzuk zehaztu dituzte dagoeneko: “Abenduaren 29an Zeanurin ikusi ahalko da eta Gasteizen ere estreinatuko dugu, baina data zehaztu gabe dago oraindik”.

Prozesu luzea izan da dokumentalaren grabaketa. Egitasmo ugari egin dituzte azken hilabeteetan proiektua finantzatzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide