Zer eskatu diete haurrek Olentzero eta Maridomingiri?

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko abe. 25a, 10:16

Aretan izan ziren, besteak beste, Olentzero eta Maridomingi atzo.

Olentzero eta Maridomingirekin egoteko aukera izan du Aiaraldea Hedabideak, lanera itzuli aurretik. Umeek kontatutako bitxikeriak izan dituzte gogoan.

Gutun mordoa jaso dituztela eta, pozik azaldu dira Olentzero eta Maridomingi. Asteak igaro dituzte mendian lanean, Aiaraldean zein Euskal Herrian opariak banatu ahal izateko. Aiaraldeako bulegoan argia piztuta zegoela-eta, sartzea erabaki dute. 

Aiaraldeko umeek zer eskatu dieten galdetuta, denetariko gauzak prestatu dituzte, aitortu dutenez. Irudimena, baina, ez zaie falta haurrei Maridomingiren esanetan: "Aurrekoan zuhaitzaren azpian opariak bilatzeko Altxorraren bila jokoa antolatzeko eskatu zigun ume batek". Merkatari elkartearen ekimenez, telefonoz etxeetara deika aritu dira aurten. "Asko harritzen dira, oso polita izaten da", dio Olentzerok. Afalordua baliatu dute horretarako, baserrian lan handia izan dute eta. "Baserria gobernatu behar dugu, ikatza prestatu, animaliei jaten eman... gutunak irakurrita, dena prest utzi dugu". 

Bitxikerien artean, Madrilera deitu zutenekoa aipatu du Maridomingik: "Madrileko familiari goraintziak emateko deitzea eskatu zigun guraso batek gutunean, eta sekulako poza hartu zuten". Askotan, etxekolanak egiten harrapatu dituzte gazteak, eta horregatik, irakasleei zeregin gutxiago bidaltzeko esan diete, "haurrek kalean jolasteko denbora gehiago behar dute". 

Oparien artean panpinak, bideo-jokoak eta tabletak izan dira nagusi: "Opariarekin batera ahalik eta makina horiekin ahalik eta gutxien jolasteko mezua bidali diegu". Euskaraz informatzen jarraitzeko eskatuz agurtu dira, zoriona lau haizetara zabaldu ondotik.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide