[HAMAR URTEKO ANALISIA] Salda egon da

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko abe. 29a, 07:00
Azken greba feministan ateratako irudia. / Eider Gartzia

Eremu pribatutik espazio publikoetara, sekulako jauzia eman du feminismoak azken hamarkadan Aiaraldean. 2000-2015 urte arteko pausaldiaren ondotik, pauso ugari eman dira. Adierazleetako bi dira talde berrien sorrera edota greba feministarekin milaka aiaraldearrek bat egitea.

Salda badago. Hala zioen Euskal Herriko emakumeen* topaketa feministak. Azaroan Durangon 3.000 lagunek eginiko gogoetetan mahaigaineratu ziren azken urteetan feminismoak erdigunera eramandako zenbait gai, problematika eta proposamen.

Eskualdean ere, ordea, nabarmen hazi da ikuspegi feminista: espazio, foro eta talde berriak sortu dira. Horren adibide dira Aiaraldeko emakumeen topaketa feminista, Aiarako Emakumeen Gela, edota neska gazteen dinamika bateratuak.  Su txikian piztu zen feminismoa bailaran. 1974an “Iraultza” izan zen lehen txinparta, Laudio Institutuko ikasle mugimenduak sortutako taldea. Egoera matxisten aurrean elkartzeko eta antolatzeko beharrak bultzatuta osatu zuten erakundea 16 urteko gazteek, antisorgailuak eta abortua legeztatzea aldarri nagusi. Ordutik, pauso handiak eman ditu nola jendarteak hala mugimendu feministak.

 

2010ean 3 talde feminista zeuden bailaran. Hamarkada, berriz, 13 eragilerekin bukatuko dute



Kolektibotasunean jauzia
2010ean 3 talde feminista zeuden bailaran (Orozkoko Matxintxu, Amurrioko Aurreraka eta Urduñako Adi Emakumeak). Hamarkada, berriz, 13 eragilerekin bukatuko dute. Ondorengoa da zerrenda: Otsemeak (Amurrio), Bagara Nor (Laudio), Laudioko Etxe Feminista, Sorgin moreak (Urduña), Kallera (Arrankudiaga-Zollo), Otsati emakumeak (Artziniega), Arrankudiaga-Zollo eta Ugaoko Bilgune Feminista; Aiaraldeko, Amurrioko eta Laudioko Mugimendu Feministak; Aiaraldeko neska* gazteak, Matxintxu (Orozko), Ekintzen Faktoria (Aiaraldea). Zerrenda horri, emakumeen elkarteak gehitu behar zaizkio: 7, hain zuzen (Menagaraiko Emakume Taldea, Artziniegako Hiriska, Urduñako Loraldi, Laudioko Jakaranda, Solastiar, zein Avillo, eta Okondoko Ametsuts). Eltzeak, beraz, ez du helduleku faltarik.

 

Aiaraldean ere, adin  orotako milaka andrek egin dute bat azken bi urteetan eginiko greba feministarekin, irudi eta gogoeta historikoak utzita. Aiaraldeko Mugimendu Feministak azken urteetan indarkeria matxista salatzeko eginiko lana ere nabarmena izan da

 

Eta, saltsa, handia egon da. Ez bakarrik etxeetan, baita kaleetan ere. Izan ere, hamaika izan dira eragile eta norbanako feministek burututako ekimenak. Oihartzun handiena izan duena, ziurrenik, greba feminista izan da. 2018an egin zen lehenbizikoz, lanuzteen planteamenduarekin. Aurten, aldiz, 24 orduko plantoa egin da. Emakumeen etxeko zein kanpoko lana geldituz gero mundua geratzen dela erakutsi nahi izan zuten ordukoan. Hala, bizitzak eta zaintza erdigunean jartzeko beharra gailendu zen. Aiaraldean ere, adin  orotako milaka andrek egin zuten bat protestarekin, irudi eta gogoeta historikoak utzita. Arrakasta eta eragin handia izan zuten bi greba egunek. Kolektibo bakoitzak bere ildo eta jarduera propioa eduki arren, bateratzeko guneak sortu dituzte.

Esaterako, Aiaraldeko Mugimendu Feministaren barruan, norbanakoak zein taldeak batzen dira, ahalduntzean eta kontzientziazioan eragiteko ekimen bateratuak prestatze aldera. Ildo beretik, herrietako foroak jaio dira, jatorri anitzetako ekarpenei bide emanez. Bestalde, espazio fisiko ez-mistoen sorrera aipatu beharra dago. Zentzu horretan, Aiarako Emakume Gela bihurtu da bailarako aitzindaria, Arabako emakumeen lehen azpiegitura bilakatuta.

Hala, Amurrio zein Laudion Etxe Feministak eskatzeko prozesuak abiatu dira, talde eragileak osatuta. Koordinazioan ez ezik, saretzean ere sakondu da, horrenbestez. Ikusteke dago hamarkada berrian espazio propio edo ahizpatasun guneak handitzen diren; alegia, prestatutako proiektuek zer nolako bilakaera soziala duten, edota tokiko erakundeek zer nolako laguntza ematen dieten.

Ahalduntzeari dagokionean, Laia jabekuntza eskolaren eskutik, ikastaro eta tailer ugari antolatu dira. Tokian toki, elkarteek ere eman diote bultzada kontzientziazioari. Jaietako eraso eta jarrera matxisten aurkako protokoloak eta guneak dira horren adierazle. Ildo beretik, aipatzekoa da Aiaraldeko Mugimendu Feministak azken urteetan indarkeria matxista salatzeko eginiko lana. Festa egunetan telefono bidez zabaldutako 24 orduko arreta eta babes dinamika da horren adibide.

Halaber, mota askotako ekinbideei esker, indarra hartu dute  autodefentsa feminista eta injustizia heteropatriarkala lau haizetara zabaltzeko deialdiek. Adibide gisa aipa daitezke Iruñeko "Manada"-ren bortxaketa kolektiboaren epaia salatzeko eskualdean eginiko mobilizazioak, edota Aiaraldean jasandako indarkeria matxista aitortu eta gainditu duten emakume andana.

 

2000tik 2014ra bitartean, ia 15 urteko etenaldia izan zuen feminismoaren egituratze kolektiboak eskualdean. 2010ean Emakumeen Mundu Martxaren lehen edizioak zeharkatu zuen Aiaraldea



Memoria historiko feminista berreskuratzeko lehen harria ere jarri da, oraintsu. 2013an eraildako Amagoia Elezkano orozkoarraren Laudioko bizilekuan, esaterako, plaka eta lorategia jarri zuten iaz. Aiaraldea Ekintzen Faktoriak, bere aldetik, eskualdeko emakume esanguratsuen zerrenda osatzeari ekin dio, eskualdeko tribial feminista sortzeko asmoarekin.

Genero aniztasuna eta askatasun sexuala ere ekarri dira landu beharreko lehen lerroetara, azken hamarkadan. Emakume-gizon bi sexuen arteko sistematik harago, transexualitateak ere hartu du presentzia. Genero eta sexu aniztasuna normalizatzeko ekimen ugari egin dira: Orozko eta Laudioko autobus geltokiak koloreztatzea, besteak beste.  Horrez gain, gaia lantzeko nazio eta herri mailako erakundeak sortu dira: Naizen eta Laudion Harro, kasu.

Azken 5 urteetako loraldia
Kronologiari erreparatuta, azken hamarkadan badira zenbait mugarri. Aintzat hartu behar da 2000. urtetik 2014ra arte, ia 15 urteko etenaldia izan zuela feminismoaren egituratze kolektiboak eskualdean. 2010ean Emakumeen Mundu Martxaren lehen edizioak zeharkatu zuen Aiaraldea. Kulturen arteko harremanak sortzeko balio izan zuen horrek ziurrenik, garai hartakoak baitira Kulturarteko Zubiak edota Etawasol elkarteak, edo Zaskaleari moduko ekimenak.

2014-2015. urteetan, berriz, neska gazteen bilgune ugari jarri ziren martxan: Amurrion Otsemeak, Laudion Bagara Nor eta Arrankudiaga-Zollon Kallera. Hala, lekuko aldaketa eman zen zenbait kolektibotan, Laudioko Emaion taldea desegin eta gazte gehiago bilduta Bagara Nor bihurtu zen, esaterako. Horrela ekin zioten, besteak beste, neska gazteak saretzeari.

Edozelan ere, ekimenak izan dira eztabaidaren beharra azaleratu dutenak. 2016an, adibidez, Amurrioko gune beltzak identifikatzeari ekin zioten Otsemeak taldekoek. Prozesu parte hartzailea izan zen, kaleetan panelak jarri baitzituzten herritarren iritziak biltzeko. Diagnostikoa osatuta proposatu zizkieten Udalari zein amurrioarrei puntu beltzak more bilakatzeko eginbideak. Orozkon, aldiz, Zapatu morea antolatzea erabaki zuten 2016an. Geroztik, urtero errepikatu dute herriko eragileek ekimena elkarlanean, festetan emakume sortzaileei ikusgarritasuna emateko eta jaiak andreenak ere badirela gogorarazteko.

Artziniegan, berriz, hilerokoari buruzko argazki erakusketa sortu zuen Otsati elkarteak, baita tratu txarren ingurukoa ere.

 

Izan dira hautsak harrotu dituzten ekintzak. 2017ko uda beroa eta emankorra izan zen, zentzu horretan



2017ko uda beroa
Alabaina, izan dira hautsak harrotu dituzten ekintzak. 2017ko uda beroa eta emankorra izan zen, zentzu horretan. Amurrion, adibidez, udako solstizioan erretzekoa zen sorginaren panpina lapurtu zuen Otsemeakek, tradizioen bidezko zapalkuntza salatzeko. Polemika handia eragin zuen herrian esku-hartzeak. Hala ere, aldaketa ekarri du: aurten ez dute mota horretako panpinik erre bertan.

Laudion, urte berean, zezen-plazan pintaketa egin zuen Bagara Norrek gazteleraz: “Ante corridas taurinas corridas clitorianas”. Udal Osoko Bilkuran eta sareetan zer esan handia eman zuen ekintzak, orduko zinegotzi sozialistaren adierazpenak izan zirela medio.

Artziniegako jaietako playback saioak ere utzi zuen marka, emakumeek nahi bezala janzteko eskubidea plazaratzeko baliatu baitzuten aukera, “Ez naiz horrela janzten probokatzeko, nahi dudalako baizik, eta kitto” lelodun pankarta aterata.

Arrankudiagako Andra Mari jaietan ere, pregoilari zirela aprobetxatuta, buruberokiak soinean azaldu ziren herriko neska gazteak, ahalduntzea eta kontzientziazioa areagotzeko helburuarekin.

Saretze eta ahalduntzea
Suek, beraz, pizturik diraute oraindik. Are, ez dute itzaltzeko asmorik. Eskualdeko emakumeak saretzeko helburuarekin topaketa mordoa egin dira azken urteetan. Etxe Feministen proiektuen txinpartak atera dira nola Amurrion hala Laudion. Neska gazteek, euren aldetik, eskualdeko edota Euskal Herriko topaketak burutu dituzte (400 gazte bildu ziren Lizarran urrian). Aiaraldea Ekintzen Faktoriak eskualdeko emakumeen topaketa feminista egin zuen lehenbizikoz 2018an, 100 lagunetik gora elkartuta.

Bete-bete dator feminismoaren agenda. Urte luzez etxeko su motelean egositako saltsak ari dira zabaltzen eskualdean. Generoak genero, bizitzak ez erretzeko, beraz, bada zer egina.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide