Amurrion epaitu zuten abenduaren 11n Aiaraldeko 29 urteko gazte bat, ustez Juan Carlos Morales Gonzalez Vox alderdiko Laudioko udal zerrendaburua mehatxatzeagatik. Eskuin muturreko taldeak, gainera, gorrotozko zantzuak salatu zituen.
Edonola ere, Juan Carlos Morales Gonzalezek ezin izan zuen frogatu akusazioa eta gaztea absolbitu dute. Vox alderdiak urrian zabaldutako prentsa oharrean adierazi zuen bere hautagaiak heriotz mehatxuak jaso zituela.
Gazteak, ordea, azaldu du ezkontza batean zeudela, gehiegi edan zutela eta une batean biek eztabaidatu eta elkar iraindu zutela. Gaztearen arabera, Vox alderdiko kideak esan zion: "independentista de mierda, cuando te pille por la calle te voy a matar".
Halaber, absolbituak ziurtatu du Moralesekin zegoen pertsona nagusi batek mehatxatu zuela; "atzamarra lepotik igarota, burua moztuko zidala adieraziz".
Absolbituaz gain, antza, eskuin muturreko alderdiko hautagaiak beste bi gazte gehiago salatu zituen, baina irainak besterik ez zizkienez egozten, kasuak ez ziren epaitegira heldu.
Helegitea jartzeko epea igarota, gazteak erabaki du gertatutakoa jakinaraztea eta azaltzea jendeari "tipo horren irainen eta probokazioen aurrean ez ikusiarena egin behar dutela".