Tubacexeko epaiaren harira LABek esandako hainbat gauza gezurra direla adierazi du ELAk

Txabi Alvarado Bañares 2020ko urt. 28a, 13:59

Hainbat greba egin zituzten 2018an Tubacexen, lan hitzarmena dela eta. / Aiaraldea.eus

"Zuzendaritzaren konplize" izatea egotzi zien LABek, eta hori gezurtatu dute ELAko kideek, sindikatu abertzalearen hainbat jarrera eta ekintza salatzearekin batera.

Prentsa oharra plazaratu du ELAren Tubacexeko sail sindikalak “LABek hedabideetan esandako gezurrei” erantzuteko.

Sindikatu abertzaleak oharra plazaratu zuen iragan astean, Tubacexeko zuzendaritzaren aurkako epaiketa bat dela eta. Testu horretan azaldutakoaren arabera, epaileak Tubacexeko zuzendaritza zigortu zuen langileak ordezkatzeagatik 2018an lan hitzarmena dela eta eginiko grebetan.

Gauzak hala, ELA, CCCO eta Independenteen jarrera kritikatzen zuen LABek oharrean, zuzendaritzaren “konplize” izatea egotzita.

Horri erantzun dio ELAk orain: “Ez genuen greba horien aurkako inolako kanpainarik egin, langileei askatasuna eman genien lanuzteetara batu edo ez erabaki zezaten, baina guk ez genuen babestu, lan hitzarmen onargarri baten aurka egiten zela ulertzen genuelako”.

Hitzarmen hori ELAk eginiko “lan serioaren emaitza” izan zela nabarmendu dute sail sindikaleko kideek, eta gaineratu dute akordioa langileen batzarrean bozkatu eta onartu zela: “LABek ez zion langileen iritziari kasurik egin eta ez zuen hitzarmena sinatu”.

ELAko kideek ziurtatu dute hitzarmen horrek ez zituela langileen eskubideak murrizten. “Lansariak KPIaren gainetik igotzea aurreikusten zuen akordioak, beste hainbat hobekuntzarekin batera: arroparen garbiketa, lana eta familia bateragarri egiteko neurriak, enplegu sorrera, inbertsioak...”.  

Epaiketaren aferarekin ere kritiko azaldu dira ELAko kideak. “Epaia partzialki onartu da. Gauza batzuetan arrazoia eman zaie eta beste batzuetan ez”.

Dena dela, sententzia zuzendaritzaren aurkakoa dela nabarmendu dute sail sindikaleko kideek, “ez sindikatu edo langileen aurkakoa”.

Era berean, ELAko kideek azaldu dute USO sindikatua izan zela epaitegian demanda aurkeztu zuena. “Hau da, USO sindikatua izan zen demanda aurkezteko dirua gastatu zuena. Beste sindikatu batzuk, LAB tartean, lan horretaz baliatu ziren, beti bezala; eta orain harrokerietan dabiltza eurek irabazi dutelako. Bien bitartean, USO sindikatua Tubacexetik desagertu da. Jokaldi ona”.

Horri lotuta, ELAko kideek salatu dute  STAT eta LABeko kideek epaiketan deklaratzera deitu zituztela greba egunetan lanera joan ziren zenbait langile, “aurretiazko inolako abisurik gabe, horrek dakarren guztiarekin. Epaiketa batera joatea bi aldeen galderak erantzutera, estutasun egoera handi batean jarriz”.

Amaitzeko, ELAk gogor kritikatu du LABek bere oharrean langile edo delegatuak aipatu izana, eta lankideekiko errespetua eskatu du.

Hala ere, ELAko kideek nabarmendu dute ez dela “euren estiloa” gainontzeko sindikatuek egiten dituzten gauzei erantzuten egotea, “argi dugulako eurak ez direla gure etsaiak”.

LABen erantzuna
LABeko kideek, euren aldetik, prentsa-oharrean adierazi zuten eduki guztian berresten direla adierazi dute. “Inoiz ez dugu esan LABek epaia irabazi zuenik, egia baita demanda USOk jarri zuela. Egoera hori enpresa barruan salatu zen eta, beraz, guztiok ginen  gertatzen ari zenaren jakitun. Horregatik, grebara deitu genuen sindikatuok lan ikuskaritzara jo genuen, gure salaketa frogatu ahal izateko”.

Sindikatu abertzaleak ziurtatu du lan ikuskaritzak zenbait lanpostutan eskirolajea egin zela onartu zuela, eta horri esker jaso ahal izan zela epaia. “Epai hori batzuen gustukoa ez izatea ulertzen dugu, baina ez dugu ulertzen inoiz egin ez ditugun adierazpenak faltsuki leporatzeko beharra”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide