"Altubepekoak", Arabako Kuadrillarteko Bertso Txapelketan puntuazio zain

Erredakzioa 2020ko ots. 9a, 11:32
Aiaraldeko taldea, Laudion jokatutako saioan. / Aiaraldea.eus

Atzo izan zuten bigarren kanporaketa "Altubepekoak" taldekoek, eta "Sumendiola Bete Poto" taldea gailendu zen saioan. Ondorioz, finalerdietarako aukerak murriztu zaizkie aiaraldearrei. Kanporaketa fasea bukatu arte itxaron beharko dute, puntuazio bidez sailkatu diren edo ez jakiteko.

"Altubepekoak" taldeak ordezkatuko du Aiaraldea Arabako Kuadrillarteko Bertsolari Txapelketan. Urtarrilaren 24an izan zuten lehenbiziko saioa, eta atzo bigarrena. Unai Mendibilek, Asier Rubiok, Ainhoa Comasek, Izar Mendigurenek eta Iñaki Cabezak osatu dute taldea. Orain arte, "Errexala" eta "Sumendiola Bete Poto" talde gasteiztarrak izan dituzte aurkari baina, bi saioak galduta, aurrera egiteko aukera zaildu zaie. Lau ligetan bereizi dute aurtengo txapelketa, eta "Sumendiola Bete Poto" taldeak eskuratu du finalerdietarako txartela. Alabaina, puntuaketen arabera beste bi talde sailkatuko dira.

Giro ona nagusi saioan
Atzoko bertso saioan giro ona izan zen nagusi. Etxe-Zaharra elkartean jarri zuten hitzordua "Sumendiola Bete Poto" taldekoek. 50 bat entzule bertaratu ziren saioa ikustera. Agur kolektiboetan gasteiztarrek marrazki bizidunen abestiak bertso bilakatu zituzten, mozorro eta guzti. Aiaraldekoek, aldiz, baserri doinuak aukeratu zituzten. Zortziko handian Olarizuko gurutze frankista izan zen gai nagusi, eta zortziko txikian bibradoredun kuleroekin lanean ziharduen emakumearen poz aitortza.

Lau oinen ariketan zein amaiera emanda osatu beharreko lanetan, lan istripuak, Zaldibarreko ezbeharra eta bertsotan aritzeko aukeraren ohorea izan zituzten hizpide bertsolariek. Puntuka zein koplaka umorea izan zen nagusi. Agate Deunan lurrari esnatzeko eskatu eta uztarik jaso ez duten lagunak izan ziren gasteiztarrak, eta inauteriak baino astebete lehenago konfundituta mozorrotuta ateratako kideak eskualdekoak. 

Idatzizko modalitatean, Sumendiko gazteek bertso sorta ederra kantatu eta antzeztu zuten, umoretik eta proiektua bezain indartsu. 

Finalerdietako bat, Amurrion
Bertsolariek aurrera egin edo ez, txapelketaren lekuko izaten jarraituko du Aiaraldeak. Izan ere, martxoaren 15ean izango da Amurrion finalerdietako bat, katekesi aretoan. Azken finalaurrekoa izanik, bertan erabakiko dira martxoaren 28ko finalean kantatuko duten taldeak.

Oraindik kanporaketa fasea jokatzen ari da Araba. Bertsozale elkarteak gogorarazi duenez, bertsozale.eus/araba webgunean plazaratuko dituzte txapelketaren nondik norako guztiak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide