Kitxuaren biziberritzean aktiboki parte hartuko du Aiaraldea Ekintzen Faktoriak. Proiektuko kidea den Gartzen Garaio Atxurrak Ekuadorreko iparraldeko Ibarra hirian igaroko ditu hurrengo hiru asteak, Garabide Elkarteak eta Sisariy kitxuen antolakundeak gidatutako Kitxuaren Biziberritze Estrategietako Lehen Nazioarteko Ikastaroan.
Euskal Herriko beste erakunde batzuetako ordezkariak eta adituak ere bertaratu dira topaketara: Uri Ruiz hezkuntzako aditu gisa, Soziolinguistika Klusterreko Belen Uranga, Elhuyar Fundazioko Imanol Azkue, AEKko Mertxe Mugika eta Andoaingo Udaleko Patxi Baztarrika. "Aktibazio sozialean eta komunikabideen esparruan Aiaraldean pilatutako esperientziak partekatzea" izango da Faktoriaren helburua ikastaroan.
45 ikasle
Guztira, 12 kitxua eta 6 euskaldunek eskainiko dituzte klaseak. “Zenbakitara ekarrita 120 klase ordu, 18 irakasle eta 45 parte-hartzaile estrategiko biltzen ditu ikastaroak”, azaldu dute Garabide elkarteko kideek. Nabarmendu dutenez, kitxua lurretan egingo den mota honetako lehen ikastaroa izango da, eta “bistakoa” da piztu duen interesa.
“Hasiera batean 30 plaza eskaini ziren eta jasotako eskaera kopurua bikoitza izan denez eskaintza 45 plazara zabaltzea lortu da” dio Elvis Tuquerresek, Sisariy kitxuen antolakundeko koordinatzaileak. Azaldu dutenez, sei zatitan egongo da banatuta ikastaroa. “Lehen biak teorikoagoak dira, soziolinguistikaren oinarriak jorratuko dira eta ondotik kitxuaren biziberritzerako plan estrategikoa diseinatuko da. Hurrengo hiruak praktikara bideratuagoak daude. Taldea hiru espezializaziotan zatituko da eta biziberritze proiektu zehatzak landuko dituzte taldeka, azken moduluan proiektu horiek aurkeztu eta aurrez adostutako plan estrategikoaren barruan kokatzeko”.
Ekuadorreko iparraldean dago Gartzen Garaio Atxurra Aiaraldea Ekintzen Faktoriako kidea, kitxuaren biziberritzerako nazioarteko ikastaroan
Nabarmendu dutenez, ikastaroan izena eman duten 40 kideak eragiteko gaitasun handia duten pertsonak dira, “hezkuntzako arduradunak eta irakasleak, udaletako teknikari eta zinegotziak, kazetariak eta kultur eragileak baitira”.
Garabide elkarteak 15 urte bete ditu hizkuntzan oinarrituta kooperazioa sustatzen. Orain arte ikastaro ugari antolatu dituzte Euskal Herrian, eta 20 kitxua aktibista baino gehiago trebatu dituzte horrela. Aktibista horiek dira, hain zuzen, Sisariy antolakundea sortu zutenak, duela bi urte.
Hala ere, Garabideko kideek nabarmendu dute ezagutza trukea ez dela alde bakarrekoa. “Proiektu honek Euskal Herrira begira ere soka luzea ekartzea espero dugu, kitxuengadik ikasitakoa etxekotzea da gure erronka”.
Jarraipen berezia
Gartzen Garaiok bidaiaren nondik norakoen jarraipen berezia egingo du, Aiaraldea.eus atarian.