Zorrozako lan heriotza

Langile bat hil da Murgako Zorroza gestión de residuos enpresan, lan istripu baten ondorioz

Erredakzioa 2020ko ots. 25a, 22:34

Atzo jazo zen istripua 17:30ak aldera Aiaran kokatuta dagoen enpresan. Ertzaintzak azaldu du behargina 4 metroko altueratik erori zela lanean ari zen bitartean. Sindikatuek mobilizazioa deitu dute bihar eguerdirako. Aiaraldeko Greba Batzordea, aldiz, arratsaldeko zazpietan jarri du manifestatzeko zita. 

Langile bat zendu da atzo Murgako Zorroza gestión de residuos enpresan gertatutako ezbehar baten ondorioz.

Poliziak argitu du atzo arratsaldean, 17:30ean gutxi gorabehera, jazo zela istripua. Behargina, antza, 4 metroko altueratik erori zen eta larrialdi zerbitzuak bertaratu ziren Murgara.

Gurutzerako ospitalera eraman zuten langilea, baina zaurien ondorioz zendu da bertan, Osalanek sindikatuei adierazitakoaren arabera. Ertzaintzak aipatu du herritar senegaldarra zela behargina.

Osalan eta Ertzaintza bera ari dira ikertzen orain enpresan gertatutakoa. Aiarako alkatea, Gentza Alamillo, ere bertaratu da Murgara.

Ertzaintza 8:30ean heldu da lantegira eta oraindik bertan dago. Tubos Mecánicos del Norte enpresako langileek gaur bete dute bere 16. eguna greba mugagabean eta Zorroza gestión de residuos lantegiaren aurrean eman dituzte azken bi asteak. Beharginek nabarmendu dute, oro har, azal beltzeko 8 behargin ikusten dituztela lanean, baina gaur ez dela bat ere agertu.

Lau langile zortzi hilabetetan
Murgakoarekin lau dira lan istripuen ondorioz hil diren aiaraldearrak. Uztailean behargin gazte bat hil zen Tubacexeko Laudioko lantegian. Irailean, aldiz, 59 urteko langile bat zendu zen talde berekoa den Aceralava lantegian.

Hilabete hasieran, aldiz, Aitor Molero laudioarra hil zen Galdakaoko GHI Hornos Industriales enpresan, pieza bat burura erori zitzaionean.

14 lan heriotza
Murgakoarekin 14 dira lan istripuen ondorioz aurten Euskal Herrian hildako beharginak. Iragan astean hil zen azkena, Gasteizko Estructuras Frutos enpresan. Horrez gain, bi behargin 18 egun daramate Zaldibarreko zabortegian desagerturik. 

Mobilizazioa bihar
Gehiengo sindikalak (ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU) mobilizazioa deitu du biharko. 12:00etan abiatuko da manifestazioa fabrikatik bertatik.

Aiaraldeko Greba Batzordeak, aldiz, mobilizazioa deitu du arratsalderako, Amurrioko Juan Urrutia plazataik abiatuta:

Erreakzioak
Erreakzio ugari eragin ditu azken lan heriotza honek. Ernai gazte antolakundeak sare sozialen bidez salatu du gertautakoa.

LABek oharra zabaldu du gertatutakoaren harira. Lan baldintzak geroz eta prekariagoak direla azpimarratu du sindikatu abertzaleak, "patronalak bere irabaziak langileen osasun eta bizitzen aurretik jartzen dituelako".

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak ere salatu du gertatutakoa, eta nabarmendu du prekaritatea eta lan baldintza kaskarrak "lan-istripuen, lan-gaixotasunen eta lan-osasunaren okertzearen" zergati zuzena direla. Gauzak hala, egoerari buelta emateko hainbat neurri proposatu ditu kontseiluak.

Adierazpen instituzionala
Aiarako Udalak, bere aldetik, adierazpen instituzionala plazaratu du, lan heriotza salatzeko eta deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzeko. "Euskadiko lan agintaritzari, Osalani, gertatutakoa argitzeko beharrezko bitarteko guztiak jartzea eta dagozkion neurriak hartzea" eskatu diote tokiko erakundetik: "Berriro diogu langileen osasuna eta segurtasuna babesteko neurri guztiak bermatu behar direla, eta enpresetako, administrazioetako eta langileen agente guztiek neurri horietan gehiago inplikatu behar dutela, lanetik bizirik itzultzeko eskubidea bermatzeko".

Albistea eguneratzen joango gara informazio gehiago izan ahala.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide