2018 eta 2019ko martxoaren 8ak historikoak izan ziren Aiaraldean. Mugimendu feministak deituta, milaka emakume atera ziren eskualdeko kaleetara, planto egin eta bizitzak erdigunean jartzeko asmoz.
Aurten ez da grebarik egingo, baina kalera ateratzeko deia mantendu du Aiaraldeko Mugimendu Feministak. “Azken bi urteetako martxoaren 8ek agerian utzi dute Euskal Herriko emakumeok* kalera ateratzeko beharra daukagula”, nabarmendu dute mugimenduko kideek. Horregatik, “borrokak elkartu eta saretzera” bideratu nahi dute aurtengo martxoaren 8a.
“Aurtengo planteamendua greba feminista batek lantzen dituen ardatzetan oinarritu beharrean, feminismoaren proiektu erradikala eta antolakuntzaren beharra azaleratzeko baliatzea erabaki da, gai zentrala antolakuntza eta borroka izanik”, azaldu dute. Gauzak hala, “emakume* subjektua” osatzen duten “gorputz eta errealitateak” ikustaraztea izango dute helburu, formakuntza eta kaleak hartzeko uneak uztartuz.
Modu horretan, indarrak antolatu eta borroka feministara batzeko aldarria jarri nahi dute erdigunean.
Herrietako planak
Ekintza andana burutuko dute horretarako datorren igandean. Artziniega, Areta, Laudio, Urduña eta Amurriok egitarau propioa izango dute goizean eta arratsaldean. Iluntzean, aldiz, eskualdeko mobilizazioa burutuko da, 19:30ean Amurrioko gaztetxetik abiatuta.
Antolaketa prozesua
Urtarrilean ekin zioten dena antolatzeari. “Herrietan biltzen hasi ginen asanblada irekien bitartez, genituen indarrak baloratu eta martxoaren 8ko planteamenduari begira zein nahi eta behar genituen komentatzeko”. Eskualdeko bilera egin zuten gero, proposamenak mahai gainean jarri, eztabaidatu eta ardurak banatzeko. “Azkenik, berriz ere herrietara bueltatu gara egitarauei azken ukituak egiteko eta lanak banatzeko”.
Ondoren zer?
Borroka eguna, baina, ez da martxoaren 8ra mugatuko. “Antolakuntzan murgilduta ibili garen bitartean, eguneko egitarauan kokatzea lortu ez dugun ideia batzuk atera dira. Hortaz, gure asmoa horiek garatu eta borroka egunari jarraipena ematea da”, azaldu dute mugimendu feministako kideek. Hala ere, “eskualdean sortzen diren baldintzei begira” egongo direla nabarmendu dute, “horiek izango baitira hurrengo ekimenen garapena baldintzatuko dutenak”.
Udan ere dute jarrita begirada: “Udako jaiak ere ate joka ditugu eta, urtero bezala, protokoloen dinamika aurrera eramateko asmoa daukagu. Beraz, gure berri izango duzue gutxi barru”.