Hainbat zentro itxi eta zenbait ekintza bertan behera geratu dira Aiaraldean COVID-19 gaixotasuna (koronabirusa bezala ezagutzen dena) dela eta.
Laudioko Udalak jakinarazi berri duenez, adinekoei zuzendutako kirol eta kultura ekintza guztiak bertan behera utzi dituzte, eta herriko jubilatuen zentro guztiak (San Rokezar, Santa Ana eta Ugartekoak) ixtea erabaki dute, ostalaritza jarduera mantenduko den arren.
Era berean, protokolo bat osatzen ari direla jakinarazi du tokiko erakundeak, Eusko Jaurlaritzaren jarraibideak herrian nola aplikatu zehazteko.
Artziniegan, ordea, adineko etxea itxiko dute bihartik aurrera, eta larunbatean egitekoa zen quidditch topaketa ere atzeratu dute. Udal liburutegian ostiralean egingo zen hitzaldia ere bertan behera geratu da.
Igandean egitekoa zen Berdintasunaren Aldeko Eskualdeko III. Ibilaldi Neurtua ere atzeratu dute.
Arabako Foru Aldundiak, aldiz, gaixotasunaren aurka hartutako neurriak eguneratu berri ditu.
Okondoko Udalak, bere aldetik, bihar Arnedora antolatutako irteera atzeratu du, “koronabirusaren kutsatze posibleak ekiditeko”. Era berean, Urduñako larunbateko Bihotzez elkartearen aldeko ekimena ere “iralera edo urrira” atzeratu da birusa dela eta, elkarteko umeak arrisku handiko kolektiboa baitira.
Amurrioko Udalak bi ekintza suspenditu ditu: Urrezko Gu Sariaren banaketa eta Aiarako Biraren aurkezpena.
Amurriok bertan behera utzi ditu Aiarako Biraren aurkezpena eta Urrezko Guk saria, coronavirusen aurkako prebentzio neurri gisa.
— Amurrio Udala Ayto (@AmurrioUdala) March 11, 2020
ℹ️ https://t.co/SWw54F1bbG pic.twitter.com/qugn6K1SjV
Eskualdeko haurrei dagokienez, bertan behera utzi da Araba osoan eskola kirola, nahiz eta, momentuz, eskualdean klaseak ez diren bertan behera geratu,
Gasteizen eta Bastidan gertatu den bezala. Laudioko Institutuak Erasmus + ikasleen arteko truke programa egin behar zuen datorren astean, baina alde batera uztea erabaki dute; noiz egin ez dakite oraindik, baina irailean izan daitekeela aurreikusi dute.
Laudion ere, Lamuzako eskolako ostiraleko Elssie Xalbadorren Super ni! ikuskizuna “prebentzioagatik” alboratu da, eta oraindik ez da beste datarik jarri.
EAEko neurriak
Euskal Autonomi Erkidego osorako hartutako beste neurrien artean Imsersoko bidaien deuseztatzea nabarmendu daiteke, batez ere datorren asteko zubia eta apirilaren hasierako Aste Santua kontuan hartuta. Italiara joateko hegaldiak ere martxoaren 25era arte gelditu dira.
1.000 pertsonatik gorako ekintzak bertan behera utzi dira momentuz (lehen eta bigarren eta bigarren mailako saskibaloia eta futbola publikorik gabe jokatuko dira, adibidez).
1.000 partaidetik beherako ekintzetan, aldiz, gehienezko edukieraren herena soilik egon ahalko da, partaideen arteko metro bateko distantzia minimoa bermatzeko.
Eskualdeko udalek Eusko Jaurlaritzak emandako birusaren aurkako neurriak partekatu dituzte: Eskuak sarritan garbitzea, eztul edo doministiku egitean ahoa eta sudurra ukondoarekin edo zapi batekin estaltzea, eztul egiten dutenen pertsonengandik metro bateko tartea uztea, begiak, sudurra eta ahoa ez ukitzea eta etxean eta leku publikoetan ukitzen diren gainazalen garbiketa areagotzea.
Artziniegan, aldiz, bertako Jubilatuen eta Pentsiodunen Elkarteko batzarra ez dute egingo:
Hasi dira gauzak bertan behera uzten. Eta etorriko dena. pic.twitter.com/pwbHXakRVL
— Xabi Zalbide (@xalbide) March 11, 2020
Aiarako Bira ere, bertan behera
Hasieran aurrera jarraituko zuela esan arren, azkenean bertan behera utzi behar izan dute larunbat honetan Laudion egitekoa zen Aiarako Biraren lehen etapa. "Hurrengo etapak aurreikusi bezala burutzea eta honetarako beste data bat bilatzea da gure asmoa", jakinarazi dute Aiarako Txirrindularitza Elkarteko kideek.
Aresketa Gimnasia Klubak ere bertan behera utzi behar izan du martxoaren 21erako prestatuta zuen torneoa. “Aurrerago zehaztuko dugu ea data berriren bat lortzen dugun eta gimnasta guztiek parte hartzeko aukera izaten saiatuko gara”, jakinarazi dute.