Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeak ere ixteko agindua eman du gaur Eusko Jaurlaritzak, COVID-19 gaixotasunaren hedapena (Koronabirusa bezala ezagutzen dena) prebenitzeko. Gauzak hala, bihartik aurrera Aiaraldeko hezkuntza zentro guztiak egongo dira itxita, 15 egunez behintzat.
Eusko Jaurlaritzatik adierazi dute haurrak berez ez daudela arriskuan, baina gaixotasun hori errazago transmititzen dutenez, etxera eramateko arriskua dutela.
Horri eskualdeko udal gehienek hartutako neurriak gehitu behar zaizkio. Amurrio, Laudio eta Artziniegan kultur eta kirol azpiegitura guztiak (Kultur etxeak, gaztelekuak eta abar) itxiko dituztela jakinarazi dute, eta Aiara, Urduña eta Orozkon ere bertan behera utzi dituzte programatuak zeuden ekintzak. Gauzak hala, familien esku geratuko da haurren zaintza osoa.