Pandemia izendatu zuen Munduko Osasun Erakundeak atzo koronabirusa, mundu osoan izaten ari den eraginagatik. Nola eragiten du, ordea, birusak pertsonengan? Zer egin genezake prebenitzeko?
"Sukarra, eztula eta ondo arnastu ezina dira kontrolatu behar diren sintomak, pneumonia baldin bada tentu egoteko. Hala ere, hori gripeak ere eragin dezake". Katarroaren moduko sintomak eragiten ditu koronabirusak, Eneritz Ugarriza Lado mediku laudioarraren arabera. "Arnas arazoak dituen edozein pertsonak abisatu behar du (eztula, eztarriko mina, aire falta, sukarra...) azken 2 asteetan arrisku eremuetan egon bada, edo konfirmatutako kasu batekin kontaktua izan badu. Gainontzeko kasuetan gripe edo ondoez arruntetan bezala jokatu behar da", dio.
Adierazleak
"Eztula, faringeko mina eta sukarra dira adierazle nagusienak. Konplikaziorik handiena birikietan arnasteko arazoak handitzea da. Alabaina, gripe garaia izanik, hainbat birusen sintoma berdinak sorrarazi ditu Covid-19ak". Birusak eragin duen zalapartaren harira, hartutako osasun neurriak gaixotasunari aurre egiteko behar adina baliabide izateko sustatu direla azaldu du mediku laudioarrak: "Kasu larriak saihesteko garrantzitsua da ahulenak (edadetuak, tratamendu inmunodepresiodunak...) babestea. Horregatik ari dira neurri hauek hartzen, jendartearen masa kontrolatzeko. Birusak ez du umeengan gehiago eragiten, baina haurrak transmisore handiak dira".
Mediku arreta
Aipatutako sintomak izatekotan mediku arreta erabili behar da. Horretarako 900 203 050 telefono zenbakia jarri dute eskura Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 112 zenbakia bestelako larrialdietara bideratzeko. Ildo beretik, sintomak edukiz gero etxean geratzea aholkatu dute, eta arreta telefonoetara deitzea, eman beharreko pausoen berri izateko.
Norbera babesteko zer egin?
Egunotan etengabe errepikatzen dabiltza prebentzio neurriak komunikabide eta instituzioen bidez. Ondorengoak dira horietako batzuk:
- Eskuak askotan garbitzea: ura eta xaboiarekin azala garbitzea. Bereziki, jan edo toki zikinak ukitu ostean, eta eztulka edo doministikuka aritzean.
- Garbiketa neurriak zorroztea: Doministiku edo eztulka egitean, ahoa eta sudurra estali ukondo zein zapiekin. Mukizapiak zaborretara lehenbailehen bota.
- Begiak, sudurra eta ahoa ukitzea saihestea: Esku bidezko kutsatzea ekiditeko gainazalei arreta jarri, birusa edonon egon daiteke, eta eskuarekin heda daiteke.
- Pertsonen arteko distantzia mantentzea: Gomendatu dute gutxienez metro bateko tartea uztea pertsonen artean.
- Bidaiak atzeratu: Derrigorrezkoa ez bada bidaiak ez egiteko aholkatu dute.