Larrialdi Plana aktibatu du Laudioko Udalak gaur goizean, Eusko Jaurlaritzak hala eskatuta.Hortaz, lokaletako gazteei “arreta berezia” izatea gomendatu diete. Aste honetan hartutako neurrien osagarria da honakoa, udal instalazio guztiak itxi izan baitira.
Era berean, atzo udalak bertan behera utzi zituen aurrez aurreko arreta zerbitzuak, eta ezinbestekoa izango da aldez aurretik hitzordua eskatzea, 010 edo 944 034 800 telefono zenbakietara deituta.
Udalak adierazi duenez, telefono horien bidez “gestio guztiak” argituko dira. Hala ere, “premiazko gaia edo tipologia konplexuagoa” izatekotan, udaletxera sartzeko aurretiko hitzordua emango da. Ildo beretik, Dolumin Barikuko ekitaldi guztiak ere baztertu zituzten atzo.
Ander Añibarro alkateak, bere partetik, “lasaitasunerako deia” luzatu die Laudioko biztanleei, eta “komunitatearen osasuna denoi mesede egiten diguten keinu txiki askoren baturaren mende” dagoela gehitu du.
Urduñan ere neurri gehiago
Urduñan, bestalde, Foru Plazako merkatuan koronabirusa ez zabaltzeko neurriak hartu dira: jende gehiegi ez pilatzeko helburuarekin, elikagai ekoizleak baino ez dira arituko merkatuan. Metro bateko distantzia bermatzeko, zinta gorri bat jarri dute erosleek zoruan; eta, bezero batekin bukatu eta gero, eskuak garbituko dituzte.
Neurriekin jarraiki, pertsonen kontzentrazio handiak saihesteko umeentzako parketak ixteko erabakia hartu da, eta ekintza eta zentro publikoak bertan behera jarraituko dira. Herritarrentzako arreta presentziala Udalak ez du bermatuko; salbuespen hitzordua eskatu ahalko da 945 383 003 telefonoan.