Adinekoen eguneko zentroak, museoak, elkarte gastronomikoak, fede zentroak eta ostalaritza zentroak ixtea erabaki du gaur Eusko Jaurlaritzak, baita erabiltzaileen arteko metro eta erdiko distantzia bermatzeko gaitasuna ez duen beste edozein lokal ere, koronabirusaren krisiari aurre egiteko.
Era berean, adinekoentzako erresidentzia zentroetako bisita garrantzitsuak ahalbidetzea ala ez, zentroek eurek erabakiko dutela gehitu du Iñigo Urkullu lehendakariak eguerdian emandako prentsaurreko batean.
Dena den, bisitari guztiei tenperatura hartu beharko zaie eta, 37 gradutik gorakoa izatekotan, sarrera debekatuko zaie.
Segurtasun Sailburuak azaldu du ezarritako neurriak ez jarraitzea zigortuko dituztela. Kasu batzuetan isunak izan daitezke, baina delitu kategoriara heldu daitezke arau hausteak.
Dagoeneko Covid-19ko 521 gaixo daude Euskal Autonomia Erkidegoan.
Hortaz, atzo baino 104 gaixo gehiago detektatu dira; horietatik 222 ospitalizatuta daude, 22 egoera larrian. Hildakoak, momentuz, 19 izan dira, atzo baino bost gehiago.
Hala ere, Txagorritxun koarentenan jarri ziren langileak lanpostuetara itzultzen hasi direla gehitu du.
Euskal hauteskundeei dagokienez, atzeratzea ala apirilaren 5ean mantentzea astelehenean eztabaidatuko dutela gehitu du Urkulluk.
Espainiako Gobernuak, bere partetik, ezinbestekoak ez diren desplazamendu guztiak debekatu ditu, baina lanera joaten jarraitzea eta janaria erostera joatea baimendu du momentuz.