Mendi eta bizikleta federazioek kirol jarduerak eteteko mezua zabaldu dute. Zigor Egia amurrioarrak Bizkaiko Mendi Federazioan parte hartzen du, segurtasun batzordean, eta zuhutziaz jokatzeko beharra azpimarratu du: "osasun larrialdi egoeran gaude eta baliabideak mugatuak dira. Hortaz, zentzuz jokatu behar da. Pentsa dezagun Ertzaintzak eta Osakidetzak helikoptero bana dutela. Norbaitek istripua izanez gero, baliabide horiek ezingo dira bideratu beste larrialdietara".
Egiak nabarmendu du egun hauek ez direla oporrak eta, ondorioz, eskalada, mendi irteerak edo txangoak ekiditeko beharra dagoela, koronabirusa ez zabaltzeko eta osasun zerbitzuen lan karga arintzeko: "osasun langileak txandak bikoizten ari dira eta gainezka daude, ahalik eta lan gutxien eman behar diegu".
Amurriorrak aipatu du gaur Pirinioetan dozena erdi istripu egon direla eta eskiatzeko irteerak ere bertan behera uztea komenigarria dela.
Bestalde, txirrindularitza federazioek antzeko deia egin dute, gogoratuta aseguruek ez dutela ardurarik alarma egoeretan.