Eta zuk, zer egingo duzu etxean goxo-goxo egoteko? Herritar eta komunikabide gisa dugun arduraren garrantziaren jakitun, datorren astetik aurrera hainbat ekimen luzatuko ditu Aiaraldea Hedabideak.
Sare sozialetan gomendio kateak
Batetik, sare sozialen bidez bildu eta zabaltzeko gomendio sortak pilatuko ditu. Horretarako, argazki edo bideo bidez erantzun beharko zaio ondorengo galderari: "Zer egingo duzu #EtxeanGoxo geratzeko?". Erantzun guztiak zuzeneko kontaketan erantsiko dira. "Ideiak jaso eta emateaz gain, denen artean Aiaraldea komunikabideko motxila zozketatuko dugu", gaineratu dute kideek.
Parte hartzeko Facebook, Instagram edo Whatsapp bidez (688848152) #EtxeanGoxo traola erabili eta Aiaraldea hedabidea aipatu beharko da argitalpenetan. Hala ere, emailez ere bidali ahalko dira mezuak, erredakzioa@aiaraldea.eus posta elektronikora norberaren gomendioa igorrita.
Ipuin kontaketak eta zumba saioak
Bestalde, Kokoriko Hezkuntza Faktoriarekin elkarlanean ipuinen bideo kontakizunak eta hainbat jolasetarako jarraibideak ekoitziko dira datozen egunetan, balioetan oinarritutako euskarriak eskaintzeko Aiaraldea Gaur webgunean haur zein gurasoei. Diskotxantxako kideek, euren aldetik, hainbat dantza irakatsiko dizkiete umeei.
Horrez gain, Izaskun del Cerrorekin batera, astero etxean dantzatzeko euskarazko zumba saioa plazaratuko da berariaz prestatutako ikus-entzunezko formatuan.
Gainera, asteazkenetik igandera euskarazko abestiak proposatzeko aukera izango dute erabiltzaileek, eta dantzariak koreografia osatuko du jasotako mezuekin. Eskaerak egiteko erredakzioa@aiaraldea.eus emailera bidali beharko da mezua.
Aiaraldeko sortzailea bazara eta #EtxeanGoxo dinamikan bestelako ekarpenik egin nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan erredakzioko telefonoaren bidez: 688848152.