Egunkariaren ekoizpena esku askotatik pasatzen da: inprentako langileak, postetxekoak, komunikabideko banatzaile boluntarioak, eskolak, saltokiak... Hargatik, Aiaraldea Komunikabideak ez du papereko ediziorik banatuko berrogeialdiak iraun bitartean.
Aiaraldea Kooperatiba Elkarteko langileek etxetik lan egitea adostu zuten duela astebete, bizitza eta zaintza erdigunean jartze aldera: "Larrialdi egoera bukatu arte, zuri ere arduraz jokatzeko eskatzen dizugu. #EtxeanGeratu #ZainduMaiteDuzunHori".
Jarduera eta dinamika berriak
Azken egunetan aurkeztu bezala, informaziotik haragoko eskaintzak urrats berria eman du hedabideak. Batetik, egunero umeei zuzendutako ikus-entzunezko aisialdi proposamen bat argitaratuko dugu, Kokoriko Hezkuntza Faktoriako kideekin batera. "Bestetik, #ETXEANGOXO dinamikaren barruan, eskualdeko kultur sortzaileekin emanaldiak lotzen ari gara. Asteartero, esaterako, euskarazko zumba saioa eskainiko dugu Izaskun del Cerrorekin", adierazi du Izar Mendiguren Cosgaya zuzendariak.
Eskura jarritako baliabideak
Webguneko eta sare sozialetako ekoizpena indartzeko eta ekimen berriak abiatzeko aprobetxatuko du unea komunikabideak, lan taldeko kideek erantsi dutenez. Ondorengoak dira, gaur-gaurkoz, martxan dauden atal bereziak:
- Koronabirusa Aiaraldean webgunea: gaiari buruzko albisteak, iritziak, bideoak eta argazkiak barne hartzen ditu.
- EtxeanGoxo dinamika: Etxeetan gauzatzeko ideiak pilatzen ari gara bertan: umeekin gozatzeko eskulan, dantza edo ipuin kontakizunak; zumba saioak, errezetak...
- Porra: Zenbat iraungo du konfinamendu egoerak zure ustez? Animatu eta egin zure apustua!
- Irakurleen proposamenak: Bidali zure mezu edo proposamena sare sozialen bidez (Twitterren, Facebooken edo instagramen #EtxeanGoxo eta @aiaraldea aipatuta)
- Aiaraldea hedabidearen ikus-entzunezkoen hemeroteka: Aiaraldeak ekoitzitako ikus-entzunezko berezien ataria (Bideoerreportajeak, dokumentalak eta bestelakoak)