Komunikatua atera dute Tubacexeko Enpresa Batzordeko kideek, emandako azken pausoen berri emateko. Jakinarazi dutenez, bi bilera izan dituzte zuzendaritzarekin, eta hainbat eskaera jarri dituzte mahai gainean, Eusko Jaurlaritzak protokolo berria argitaratu duela kontuan hartuta.
Alde batetik, protokolo berria ezarri arte enpresak izango duen geldialdiaren kostua enpresaren gain geratzea eskatu dute. Asteartetik darama ekoizpenak geldirik langileen ekimenez, koronabirusaren aurka zehaztutako segurtasun neurriak betetzen ez direlako.
Langileen eskaerak
Sei orduro erreleboa egitea eskatu dute, lanaldiaren beste bi orduetan aldagelen eta lantokien desinfekzioa bermatu ahal izateko. Garbiketa eta desinfekzio ekipo egokien beharra ere nabarmendu dute, eta langile bakoitzari desinfekzio indibiduala bermatu behar zaiola gaineratu dute, fabrikara sartu zein irteterakoan.
Beste hainbat eskakizun ere gauzatu dituzte: aldagela eta takilak moldatzea (sarbidea mugatzeko), telelana egiteko aukera ematea, azpikontratatutako enpresen protokoloa moldatzea, garbiketarako kit pertsonalak ematea, mantenu eta laborategiko lanak protokoloaren arabera birdefinitzea eta berrogeialdien zein kasu positiboen gaineko informazioa ematea.
Bihar bilduko dira beharginen ordezkariak zuzendaritzarekin, aipatutako puntuak jorratzeko. Horrez gain, kontuan hartzekoa da lan ikuskaritzaren ondorioen zain daudela, enpresa komiteak salaketa jarri baitzuen bertan.