Koronabirusa duen Tubos Reunidoseko langile batek bere esperientzia zabaldu du, jendeari zuhurtzia eskatzeko

Julen Solaun Martinez 2020ko mar. 20a, 18:40

Gurutzetan ospitaleratuta egon da langilea. / Wikipedia

Gurutzetan ospitaleratu zuten eta handik idatzi du Covid-19aren ondorioz bizi izandako esperientzia.

Koronabirusa dela eta Gurutzetan ospitaletatuta dagoen Tubos Reunidoseko langile batek (bere anonimotasuna mantendu nahi izan du) gaixotasunarekin izan duen esperientzia kontatu zuen atzo, martxoak 19, idatzitako ohar batean.

Langileak azpimarratu du egoera oso larria dela eta eskatu dio jendeari serio hartzeko gaixotasuna. 44 urteko gizona da eta, “obesitatea eta kolesterola” salbu, beste inolako osasun arazorik ez duela adierazi du.

Martxoaren 6an hasi zen gaixo sentitzen, eztarriko minarekin. Beraz, bere kabuz hasi zen “paracetamola eta ibuprofenoa” hartzen, eta mina desagertzen hasi zela gehitu du.

Dena den, hurrengo bi egunetan mina areagotu zitzaion, eta belarriko mina izaten hasi zen. Botiken dosiak handitu zituen orduan.

Astelehenean, martxoak 9, farmaziara joan zen eta anestesia spray bat erosi zuen, dendariak hala gomendatuta. Arratsaldean medikura joan zen eta amigdaletan inolako plakarik ez zuela esan zion medikuak. Badaezpada, pertsonen arteko metro eta erdiko distantzia mantentzen hasia zen jada.

Hurrengo egunean, otorrinolaringologo batek amigdalen atzetik abzesu bat zuela ikusi zuen eta kortisona eta antibiotikoa errezetatu zizkion.

Ondorengo bi egunetan eztarriko minak behera egin zuen, ez ordea belarrikoak. Hori dela eta, hirugarren egunean, ostiralean, Gurutzetan ospitaleratu zuten abzesua zain barnetik tratatzeko.

Hurrengo hiru egunak sukarra joan eta etorri pasatu zituen, medikazioa hartzean behera egiten baitzuen. Baina eztulka hasi zen eta medikuek ospitalean egun bat gehiago mantentzea erabaki zuten, probak egiteko asmoarekin. Asteartea, martxoak 17, sukarrarekin eta buruko minarekin hasi zuen, eta Covid-19 probak positiboa eman zuen.

Asteazkenean, nekea, sukarra eta eztula sentitu zituen, pneumonia zuen jada. Hala ere, hurrengo egunean, oharra idatzi zuenean, hain zuzen ere, sukarra desagertua zegoen, eta buruko min eta neke gutxiago zituen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide