Alarma egoera hasi baino nabarmen lehenago eten zituzten bisitak Aiaraldean babesa jasotzen duten euskal preso politikoek.
Esaterako, Alaitz Aramendi orozkoarra iragan larunbatean ikustera joan behar zirenek ez joatea erabaki zuten. Estatu Frantsezean une horretan salbuespen baldintzak ezarri gabe bazeuden ere, bere lagunek baloratu zuten arriskutsua izan zitekeela espetxeko norbait kutsatzea.
Idoia Martinezek, ordea, martxoaren 7an uko egin zion bisitak izateari, Covid19 kartzelan zabaltzeko arriskua ekiditeko. Martinezek bere ingurukoei azaldu die presondegian larrituta daudela, jendea espetxeratzen jarraitzen baitute eta sartzen direnak ez dituztelako isolamenduan jartzen.
Edonola ere, larrialdi egoerarekin bisitak bertan behera geratu dira Estatu Espainiarrean -Idoia Martinez eta Iñaki Krutxagaren kasuan- zein Frantziarrean -Alaitz Aramendiren kasuan-.
Gauzak horrela, espetxealdi baldintza berriak dituzte. Alaitz Aramendik jakinarazi die senideei ziegan egiten dituztela otorduak eta patiora talde txikietan ateratzen direla ordubetez goizean eta ordu eta erdiz arratsaldean. Ziegak oraindik irekita daude eta noizean behin 4 edo 5 presoetako taldeak batzen dira.
Komunikazioa
Arazo handia da Orozkoko presoarentzat komunikazioa. Izan ere, sekulako ilarak sortzen dira telefonoz deitzeko eta bi egunean behin egiten du.
Idoia Martinezek antzeko arazoa dauka telefono deiekin. 4 gehiago dituzte astean, baina lineak gainezka daude eta komunikazioa ezinezkoa bilakatzen da maiz. Momentuz, antza, espetxe espainiarretan ez dago murrizketarik patioaren erabilerari dagokionez eta hainbat moduluetako presoek bat egiten dute bertan.
Elkartasuna
Isolamendu egoera areagotu denez kartzelatuta daudenen artean, elkartasun ekimena abiatu dute jendeak presoei idatzi diezaien: