Koronabirusa: oinarrizko zalantzak eta osasun argibideak

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko mar. 26a, 12:57

Eskuak maiztasunez garbitzea berebizikoa da kutsatzea ekiditeko.

Jende gehiena da COVID19 birusak eragindako larrialdi egoeraren jabe, baina zer da gaitza? Nori eta nola eragiten dio? Zer egin dezake norberak, osasun egoera hobetzeko?

Etengabeko informazio eguneraketan dihardu Osakidetzak. Aiaraldea komunikabideak Koronabirusari buruzko protokoloen lantaldeko eskualdeko kide batekin jaso ditu herritarren intereseko zenbait zalantza eta argibide. 

Zer da koronabirusa?

SARS-CoV2 gisa ere izendatua izan da, COVID19 izenarekin ezagun bihurtu bada ere. Arnasketa zailtasunak ditu sintoma nagusi, eta ohiko katarroetatik neumonia larrietara gara daiteke. Dena den, koronabirusari buruzko egungo kasu gehienak "arinak" dira. Osakidetzak adierazi duenez, oraindik ez dago tratamendu zehatzik birusari aurre egiteko.

Nola kutsatzen da birusa?

Denok izan gaitezke birusaren eramale eta hartzaile. Infekzioa, batez ere, 5 mikra baino gehiagoko arnas tantengatik kutsatzen da; eta gaixoaren eztularekin eta doministikuarekin sortzen diren arnas jariakinekin kontaktu zuzena izateagatik. Eskuetan dago gakoetako beste bat: sudurra, begiak edo ahoa ikutuz gero, gorputzetik gorputzera pasa daiteke eta. Horregatik gomendatu dute ahalik eta gehien garbitzea eskuak, eta doministiku edo eztul egin ondotik babes neurriak hartzea (besondoarekin ahoa estaltzea, eta mukiak kentzeko erabilitako papera zaborretara botatzea).

Kontaktu bidez hedatzen da birusa, nagusiki. Kontaktua zuzenekoa izan daiteke, edota eskuetan edo beste objektu batzuetan (adibidez, teklatuak, saguak, barandak, txanponak...) egon daitezkeen material kutsatuaren bidezkoa. Horregatik, erabat garrantzitsua eskuen garbitasuna bermatzea. Osakidetzaren aburuz, sintoma gabeko pertsonen artean kutsatzeko arriskua oso txikia da: "Batzuek oso sintoma arinak dituzte. Hortaz, gerta daiteke horiek gaixo ez sentitzea, baina kutsatzeko gaitasuna izatea".

Zeintzuk dira sintoma ohikoenak?

Eztula, eztarriko mina, arnasa hartzeko zailtasuna edo sukarra. Kasu gehienetan, infekzio arinetan geratzen da gaitza. Alabaina, birusa garatzekotan pneumoniara heldu daiteke. Kasu horretan litekeena da arnasa hartzeko zailtasun handiak sentitzea, eta sukar altua. Ezbairik gabe, osasun zentrora deitu behar da egoera horretan egonez gero, eta larrialdi zerbitzuetara jo. Hala, tratamendua jarriko diote pertsona horri medikuek.

Nola babestu gaitezke?

  • Garbitu eskuak ura eta xaboiarekin, edo jel hidroalkoholikoarekin.
  • Eztul edo doministiku egitean estali ahoa eta sudurra ukondo edo zapi batekin. Bota zapia berehala eta garbitu eskuak, erabilitako gorputz atalak desinfektatzeko. 
  • Pertsonen arteko kontaktua saihestu (1.5-2 metroko distantzia mantendu). Sintomak dituztenen kasuan 2 metrora handitu espazio distantzia.
  • Ez ukitu begiak, sudurra eta ahoa.
  • Etxean zein leku publikoetan eskuzko kontaktua duten gainazalen garbiketa areagotu (mahaiak, ordenagailuak, telebistako mandoak etab).

Sintomak edukitzekotan, zer egin behar da?

Arnas sintomak dituztenek etxean geratu behar dute (sukarra, eztula, aire faltaren sentsazioa edo eztarriko mina) eta herriko osasun zentrora deitu. Modu horretan, osasun egoera baloratuko dute, eta jarraitu beharreko gomendioak adieraziko dizkiote herritarrari. 

Birusaren inkubazio aldia -gaur egungo kalkuluen arabera- 1 eta 14 egun bitartekoa da; 5-6 egunekoa bataz beste. 

Nortzuk dira arrisku egoera handiena dutenak?

Koronabirusa mundu guztiak har dezake. Alabaina, edadetuak, haurrak eta gaitz kronikoak dituztenak dira sektore ahulenak: gaixotasun kardiobaskularrak, diabetesa, arnas gaixotasun kronikoa edo immunoeskasiak pairatzen dituzten herritarrak. Kasuan kasu, ezberdina da pertsonarengan birusak duen bilakaera. Hargatik da garrantzitsua prebentzio neurriak bermatzea, edota sintomarik izatekotan medikuekin harremanetan jartzea (telefono bidez lehenbizi, eta diagonostikoaren araberako prozedura jarraituz ondoren).

Zer da berrogeialdia? Noiz eta noiz arte egon behar da bat isolatuta? 

Sintomarik ez, baina infekzio iturri (hots, pertsona) batekin kontaktuan egondako pertsonari ezarritako mugimendu banaketa edo bereizketa da berrogeialdia. Helburua, infekzioa beste batzuei ez transmititzea da. Hala, 14 egunez "isolatuta" egotea da irizpidea, eta sintomarik sentitu ezean, infekzio arriskua bukatutzat eman eta larrialdi zaintza egoerara itzuliko da herritarra.

Gaixotasun sintomak aztertu behar ditu egoera horretan dagoenak: sukarra, eztula edo arnasteko zailtasunak batik bat. Garrantzitsua da sintomarik antzematekotan ahalik eta azkarren eskuhartzea; bereziki beste pertsona batzuk ez kutsatzeko. Ondorengoak dira Osakidetzaren jarraibideak kasu horietan:

  • Egunean bitan gorputzaren tenperatura neurtu.
  • Etxean egon.
  • Arnas garbitasun neurriak zorroztu: eztul edo doministiku egitean eremua ukondoarekin estali, edo mukiak kentzean (papera arineketan bota zakarretara).
  • Eskuak askotan garbitu, baita ukitutako etxeko gainazalak ere.
  • Sukarrik ezean, sendagaiak saihestu.

Zer da etxeko isolamendua?

Sintomak -eta beraz, infekzioa- dituenari ezarritako mugimendu murrizketa edo bereizketa da etxeko isolamendua, COVID-19 birusaren sintomak dituztenei aplikatzen zaie, 14 egunez (beti ere, sintomak desagertu badira). Etxebizitza partekatzen duten herritarren kasua, bizilekuaren barruan isolatu beharko dira, infekzioa ez transmititzeko. Hauek dira kasu horietan jarraitu beharreko irizpideak:

  • Ez irten etxetik, eta ez jaso bisitarik.
  • Eskuak ur eta xaboiarekin garbitu 20 segunduz (edo gel hidroalkoholikoarekin).
  • Saiatu banakako gela batean egoten, eta atea itxita.
  • Eremu komunen erabilera mugatu. Sartu behar duzuenan garbitu eskuak lehenago, jarri maskara eta mantendu pisukideekiko 2 metroko distantzia. Maskara ez ukitu soinean daramazun bitartean, eta aldatu busti edo zikintzen bazaizu. 
  • Zaborrontzia gertu edukitzen saiatu, mugimenduak murrizteko. Pedal bidezko estalkia badu, hobe.
  • Etxekoekin kontaktatzeko telefonoa erabili ahal dela komunikatzeko. 
  • Aireztatu logelak eta etxebizitza maiz.
  • Ez partekatu komuna pertsonekin, eta partekatu behar bada garbitu lixibarekin erabilera bakoitzaren ondoren. Ildo beretik, garbitzeko tresnen erabilera indibiduala egin (xaboia edo garbitzeko gela).
  • Aldatu eskuoihalak.
  • Garbitu egunero maiz ukitzen dituzun gainazalak (gau-mahaitxoak, somierrak, logelako altzariak), bainugelako gainazalak eta komuna lixibarekin, eta erabili eta botatzeko materialarekin. Garbiketa zu ez den beste pertsona batek egingo badu, maskara eta eskularruekin babestu beharko da.
  • Garbitu mahai-tresnak, edalontziak, platerak eta berrerabil daitezkeen gainerako tresnak ur beroarekin eta xaboiarekin, edo ontzi-garbigailuan.
  • Garbitu oheko arropa, eskuoihalak eta abar 60-90 ° C-ko ohiko xaboiarekin edo detergentearekin. Arropa zikinak poltsa hermetiko batean sartu beharko dira, garbitu arte. Ez astindu arropa garbitu aurretik.
  • Erabili eta botatzeko materiala (eskularruak, zapiak, maskarak) eta infekzioa izan dezakeen material oro, infektatuaren gelako zaborrontzian bota.

Antibiotikoek laguntzen al dute COVID-19 prebenitzen edo tratatzen?
Ez, birusari aurre egiteko ez dute  ezer egiterik antibiotikoek, "bakterioen infekzioen aurka bakarrik" balio dutelako. Sintomak arintzeko gaixoek osasun arreta jaso behar dute (osasun zentroetan baloratuko da etxeko mediku arreta, telefono bidezkoa edo erietxekoa den).

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide