1988ko martxoaren 30ean egin zuten lehenbiziko Etxeko Langileen Latinoamerikako Kongresua Bogotan. Hargatik da nazioarteko Etxeko eta zainketako langileen eguna. “Orduan bezala, jarraitzen dugu esanez etxeko langileen ikusezintasuna dagoela sisteman”, adierazi du prentsa oharrean Euskal Herriko Mundu Martxak. Eragilearen aburuz, prekarioa da kapitalismoak merkaturatu, aitortu eta ordaindu gabe emakumeei atxikitutako enplegua. “Ikusi besterik ez da sistemako zerbitzu sozialentzat etxeko enpleguen lan baldintzak aurrizkiak direla”, salatu dute.
Koronabirusak eragindako larrialdi egoerak ere ez dio mesede egin sektoreari, “inoiz baino ageriago geratu da urteetan hizpide izandako zaintza krisia”. Horren adibidetzat jarri dute menpekotasuna duten pertsonak nola zaindu ez azaltzea, besteak beste: “Ez dakigu zer gertatuko zaien osasun eskubiderik ez duten migratzaileei, etxe barneko langileek kutsatzeko arriskuan jarraitzen dute, indarkeriari biziraundakoak isolatuta geratzen dira eta erasotzaileengandik ihes egiteko aukerarik gabe”.
Hargatik, Euskal Herriko Koordinadora Feministak botere publikoei “bizitzaren iraunkortasunean zein zaintzaren atzean daudenekin mahaia osatzeko” eskatu zien. Gaur-gaurkoz, ordea, ez da norabide horretan urratsik egin, adierazi dutenez: “Bere horretan jarraitzen dute, kapitalismoari, patriarkatuari, klasismoari eta arrazakeriari eskutik helduta, zaintza krisia okerrera bideratuz”.
Prentsa oharrean aipatu dutenez, etxeko lanetan argazkiak ateratzeko deialdia egin dute: “Ikusezina egin den etxeko eta zainketako lana egin dezagun ikusgai!”.
Etxekotu Gabeko Emakume Langileak eta Mundubat elkarteek, euren aldetik, etxeko eta zaintza alorreko langileei aholkularitza eskaintzeko webgunea sortu dute.