Tubacexeko Enpresa Batzordeak prentsa oharra plazaratu du gaur zuzendaritzaren jarrera salatzeko. Sindikatuek azaldu dutenez, enpresako buruek jarduna berrezartzea erabaki zuten asteartean, “Gobernuren igandeko Errege Dekretua saltatuta eta dekretu hori argitaratu ostean eginiko adierazpen nahasgarri batzuetan oinarrituta”.
Langileen ordezkariek salatu dutenez, Tubacexen %60ko jarduna mantendu nahi du Laudio eta Amurrioko lantegietan eta %80koa, aldiz, Aceralavan, “nahiz eta urteko beste une batzuetan enpresa horiek gai diren ekoizpena gelditzeko, ohiko asteburu batean edo oporraldietan egiten duten bezala”.
Gauzak hala, batzordeko kideek uste dute dekretua eta gero eginiko adierazpenak “gehiegikeriaz” baliatzen dituela Tubacexek, “bere nahien araberako jarduera industriala mantentzeko”.
Salaketa lan ikuskaritzan
Gauzak hala, lan ikuskaritzara joko dutela iragarri dute beharginek, enpresa burutzen ari den “iruzurra” gelditzeko. “Ikusiko dugu eta oraingoan erakundeek euren lana ondo egiten duten eta lantegiak bisitatzera gerturatzen diren behintzat, sindikatuek salatzen duguna frogatzeko”.