3 koronabirus positibo berri besterik ez ziren diagnostikatu astelehenean Aiaraldean eta grafikak behera jo du nabarmen

Aitor Aspuru Saez 2020ko api. 7a, 09:14

Behera jo du nabarmen kasu berrien grafikoak. / Aiaraldea.eus

Osakidetzak egunero txostena argitaratzen hasi zenetik gutxieneko historikora heldu ziren atzo koronabirus kasu berriak eskualdean, 3 erregistratuta. 

Osakidetzak egunero argitaratzen duen txostenak albiste ona utzi du gaurkoan koronabirusari dagokionez. Izan ere, atzo 3 positibo identifikatu zituen osasun sistema publikoak Aiaraldean eta datu historikoa da hori. Txostena plazaratzen hasi zirenetik gutxieneko marka egun bakarrean 4 kasu berri ziren.

Datuak beheranzko joera baieztatu du. Ostiralean eta larunbatean 5 eta 6 positibo berri erregistratu zituzten, ostegunean 20 egon eta gero.

Larunbatatetik igandera %50ean murriztu ziren diagnosi berriak, eta ostegunetik ostiralera, aldiz, %33,3an. Ostiraletik larunbatera bitartean hazkundea izan zen %20koa, baina aintzat hartu beharra dago kasu bakarra izan zela hori.

Igandean topatutako positibo guztiak, hau da, 3, Amurrion eman ziren. Horrela, 55 kasura heldu dira han. Gainerako herriek mantendu dituzte kopuruak: Laudiok 75, Urduñak 19, Aiarak 13, Artziniegak 8, Orozkok 10 eta Okondok 5. Berez, azken hiru udalerri horiek eutsi diete euren datuei 4 egunez jarraian.

Guztira, 185 lagun kutsatu dira Aiaraldean. Edonola ere, zuhurtziaz jokatu beharra dago biharko datuei begira. Berez, Eusko Jaurlaritzak test azkarrak jaso ditu eta zalantzan dauden hainbat gaixo argitu daitezke hurrengo orduetan.

EAEn joera ere baikorra da eta ostegunetik kasu berrien kopurua jaisten joan da egunez egun. Ostegunean 510 positibo berri izan ziren, baina hurrengo egunetan 369, 431 eta 217 izan dira. EAEn martxoaren 19tik egunero gainditu da kopuru hori.

Gauzak horrela, guztira 8.810 gaixo erregistratu dira erkidegoan, 4.603 Bizkaian, 2.675 Araban eta 1.532 Gipuzkoan. 548 lagun zendu dira Covid-19aren ondorioz, Osakidetzaren arabera.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide