Urte amaieran plazaratu zuen Kirol Urtekaria Aiaraldea komunikabideak. 200 orriko argitalpenak eskualdeko kirol jarduerak ditu ardatz, eta 150 talde baino gehiagoren argazkiak barne hartzen ditu. Horrez gain, erreportaje, elkarrizketa eta artikulu ugariz osatuta dago, kirolaren hainbat alorrei buruzkoak: teknologia, kirol aisia, nutrizioa, osasuna, aiaraldearren espedizio eta abenturak...
Segurtasun eta osasun neurriak hartuko dira banaketarako, Izar Mendiguren Cosgaya zuzendariak azaldu duenez: "Aleak kutxetan sartuta daude, eta kaxa bakoitza desinfektatzeko lana hartuko dugu, eskularru eta maskarak soinean, eskualdeko herri guztietara bideratzeko".
Ekimenaren bidez, herritarrek euskaraz irakurtzen jarraitzea nahi dute: "Komunikabide gisa gure ardura eta egitekoa da herritarrak informatzea, eta etxean geratzeko ahalik eta komunikazio baliabide gehien eskura jartzea".
Horregatik ekin zioten "Etxean goxo" dinamikari. "Aurki, egitasmo berriak aurkeztuko ditugu", aurreratu du Ekintzen Faktoriako kideak.
Non jaso ahalko dira urtekariak?
Larrialdi eta krisialdi egoeraren jabe, doan utziko dituzte eskualdeko 13 tokitan kirol urtekariaren lehen edizioko aleak.
"Kontuan hartu, larrialdi egoeragatik ordutegiak murriztu dituztela gehienek, eta goizez soilik ari direla lanean", erantsi dute komunikabideko kideek. Ondorengoak izango dira banaketa puntuak:
- Iza okindegia (Laudio)
- Otarte okindegia (Areta eta Laudio)
- Zuhaitza liburu denda (Laudio)
- Maestro Elorza kioskoa (Laudio)
- Lamuza kioskoa (Laudio)
- Ugarteko kioskoa (Laudio)
- Arin denda (Laudio)
- Asun kioskoa (Amurrio)
- Otarte okindegia (Amurrio)
- Mahor liburudenda (Urduña)
- Ekilore denda (Arrankudiaga)
- Ezpelabarri denda (Orozko)
- Malato supermerkatua (Aiara)