BIDEOELKARRIZKETA

“Pazientzia eskatu nahi diegu herritarrei, dugun lan-karga oso handia da”

Txabi Alvarado Bañares 2020ko api. 8a, 22:13

Aste honetako lanegunak bereziki gogorrak izaten ari dira eskualdeko supermerkatuetako eta dendetako langileentzat. Konfinamenduak eta alarma egoerak kontsumoa igo dute, eta Aste Santuaren bezperan are gehiago ugaritu dira erosketak.

Hala adierazi dute Berriak supermerkatuetako langileek. Hitz bakarrarekin deskribatu dute azken egun hauetan bizitakoa: “zoramena”. “Alarma egoera piztu zenean hasi zen dena”, oroitu du Marijo Gastacak, “badago hilabete bat baino gehiagorako erosketak egitera datorren jendea”.

Azaldu dutenez, asko igo dira etxez etxeko banaketa zerbitzuaren eskaerak, eta horrek eragiten die lanik handiena Berriakeko beharginei. “Ilara handiak sortzen dira goizetan kanpoaldean”, azaldu du Ana Mari Rodriguezek, baina nabarmendu du jendeak “errespetu handiz” jokatzen duela uneoro. “Egia da hasieran bazegoela urduriago zegoen jendea, baina denborak aurrera egin ahala lasaitasun handiagoarekin hartu dute dena”, gehitu du Ludi Temiñok.

Segurtasun neurriak
Berriakeko langileek azaldu dutenez, alarma egoera piztu zenean ez zuten inolako segurtasun neurririk, baina egunak aurrera egin ahala hainbat irizpide ezartzea lortu dute beharginek. Eskularruak eta maskarak daramatzate soinean uneoro, eta zorrotz kontrolatzen dute saltokiaren barruan dagoen jende kopurua.

Laneguna txikitzea ere lortu dute, kontziliazioa eta segurtasuna bermatzeko. “Izan ere, saltokiak denbora gutxiago irekita egoteak jende kopurua jaistea ahalbidetzen du, herritarrak kolpe bakarrean bertaratzen direlako erosketa egitera”, azaldu du Temiñok.

Hala ere, Berriakeko langileak nabarmendu du “egunero” egiten dutela lan “kutsatu eta birusa etxera eramatearen beldurrarekin”, eta gaineratu du beharginetako asko “arrisku egoeran dauden pertsonekin” bizi direla. “Sortu den egoera honetan gure lana funtsezkoa da baina, era berean, sektorerik prekarizatuenetako bat da gurea”.

Produktu erosienak
Berriakeko langileen arabera, herritarrek erosketa handiagoak egiten dituzte alarma egoera piztu zenetik, eta produktu batzuen salmenta asko handitu da. Zeintzuk dira produktu horiek? “Irina, 'bimbo' ogia, legamiak... asko saltzen ari dira, umeekin etxean bizkotxoak egiteko, imajinatzen dut”, aipatu du Gastacak, “garbiketa produktuak ere asko kontsumitzen dira: ahozapiak, lixiba, 'sanitola'... gauza guzti horiek falta dira oraindik”.

Egoera zein den ikusita, “pazientzia” izateko eskatu diete beharginek bezeroei.  “Konturatu daitezela zer urduritasun egoeran gabiltzan lanean. Lan-karga oso handia da”, nabarmendu du Temiñok, “orain arte bezala jokatzea eskatuko genieke, eta saiatzea supermerkatura askotan ez bertaratzen. 2-3 egunean behin etortzea gomendatzen diegu. Modu horretan, ea guztion artean lortzen dugun, etxean geldituta, egoera honetatik ahal bezain laster irtetea”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide